Egitasmoa ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo da. Antolatutako ikuskizun guztietatik 28 Nafarroako talde eta artistenak izango dira.
Nafarroako Gobernuak uda garaian antolatzen duen Kultur programaren 26. edizioa aurkeztu du Iruñean. Egitasmoak kalitatezko eskaintza artistikoa Nafarroa osoan zehar sustatzea eta hedatzea ditu helburu. Honekin batera, tokiko erakundeei kultura hedatzen laguntzea, sektore artistikoa bultzatzea eta bertako ondare historiko, artistiko eta naturalaren balioa nabarmentzea nahi da.
Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak eman du ezagutzera programazioa, “kultura arnastea izan daiteke gizartearentzat dagoen baltsamorik onena, guztiontzako hilabete zailak izaten ari diren une honetan. Ikuskizunez gozatzea, proposamenen kalitatea estimatzea eta gure ondare kultural eta historikoa gehiago ezagutzea uda aprobetxatzeko modu egokia da”, adierazi du.
Kultur 2021 programa ekainaren 18an abiatuko da Beran, Hogei Berriro taldearen kontzertuarekin, eta irailaren 4an amaituko da Tuteran, Pamplona Jazz Band taldearen emanaldiarekin, eta Artaxoan, La niña hiloren zuzenekoarekin. Ikuskizunak herri hauetan ere egingo dira: Tafalla, Olazti, Lizarra, Cortes, Martzilla, Gares, Elizondo, Valtierra, Uxue, Jaitz, Mendigorria, Lekunberri, Otsagabia, Viana, Altsasu, Orreaga, Zugarramurdi, Iratxeta, Izaba, Lesaka, Orbaizeta, Los Arcos, Erronkari, Ribaforada, Leireko Monasterioa, Corella, Donamaria, Zangoza, Orgi (Lizaso), Lodosa, Azagra, Zubiri, Agoitz eta Bertizko Jaurerriko Lorategi Botanikoa.
Broken Brothers Brass Band, Juan Mari Beltran, Demode Quartet, Hagoan, Anne Etxegoien, Tenpora, Trikidantz, Basabi edota Suakai izango dira egitasmoan parte hartuko duten artista eta taldeetako batzuk.
Edizio honetan, gainera, sormen digitaleko arte plastikoak txertatuko dira Bertizko erakusketa aretoan. Hala, Gua-Mia-Bu artistaren Azken eguzkilorea izango da ikusgai uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Toki, mito eta kondaira ederren ondare eta natura balioak proiektatzen dituen pintura digitaleko lan bat sortzeko prozesua erakutsiko du instalazio honek.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian