Elkarguneak iaz irabazi zuen Mintzolak eta Kilometroak Kultur Elkarteak antolatzen duten Pello Mari Otaño Beka eta urtebeteko epea izan du proiektua garatzeko.
Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek; zehazki Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal kideek Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proiektua aurkeztu zuten iaz Pello Mari Otaño beka deialdirako, eta, beka eskuratuta, urtebeteko epea izan dute proposamena zena gorpuzteko.
Azaldu dutenez, “Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da, erriman oinarritu ohi dena”. Ahozko genero hau balioan jarri nahi izan du lanak: “Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena da”.
Amaitutako lana uztailaren 15ean, osteguna, ezagutu ahal izango dugu Amasa-Villabonako Subijana etxean egingo duten ekitaldian, 17:30etik aurrera. “Aiztondoren zirtotsa proiektuaren xehetasunak ezagutuko ditugu egileen ahotik. Tokia aintzat hartu behar dugunez gero, agertzeko asmoa baduzu, idatzi komunikazioa@mintzola.eus helbidera asteazkena baino lehen”, jakinarazi dute Mintzolako kideek.
Goierriko ahozko ondarea ikertzeko saridunak
Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean jarri zuten martxan Pello Mari Otaño Beka, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin.
Iazko esperientzia ikusita, aurten segida eman zaio bigarren deialdi batekin. Aurten Kilometroak antolatzeko ardura Goierri eskualdeko ikastolena izanik, Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen eta eskualdeko Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin antolatu da. Oraingoan ikertzeko eremua ere eskualde horretara mugitu da, Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka baita eskaini dena.
Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaitu zen. Uztailaren 15eko ekitaldian bertan, zein lan izan den aurten saritua ezagutzera emango da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian