Hirukoak Amarena aurrerapen kanta aurkeztu du. Lehen diskorako bost bat abesti grabatu dituzte jada, Eñaut Gaztañagarekin.
Urtarrilean esan zuen agur Hesian taldeak. Bertako taldekide izan dira urte askoan Fran Urias eta Ane Bastida, Iñaki Bastida, berriz, Egurra Ta Kitton aritu da hainbat urtez. Musikariek sortzen jarraitzeko gogoarekin ekin diote proiektu berriari eta horretarako, Zelanda jarri diote izena proiektuari, “entseatzen hasi ginenean taldekide batek zerrenda bat ekarri zuen, aurretik beste talde batekin erabilitakoa eta hor agertzen zen Zelanda”, azaldu du Uriasek Gaztea irrati katean egin dioten elkarrizketan. Musikariarentzat izen horrek kutsu modernoa du eta euskaraz ere bere esanahia du, “nafarra naiz, baina Bizkaian bizi naiz eta bizkaieraz zelan da esaten da”.
Taldea Eñaut Gaztañagarekin aritu da abesti batzuk grabatzen, horietako bat dugu Amarena. Singleak badu William Shakespearen esaldiarekin zerikusia: ”izan edo ez izan, horra hor auzia… hiltzea lo egitea da… edo agian amets egitea”. Aurrerapen kanta honetan hirukoak benetako esperientzia bat kontatzen du, “borroka emozional handi bat utziko digu; amak galdutako umeak aukera eman dio beste bizitza bati, haren ordezkoari”, azaldu dute.
Abesti honekin Hesianekin zuten lotura musikal hori apurtu nahi izan dutela aitortu dute, “egiten ari garena ez dela berdina esateko, beste estilo bat ere egin dezakegula”, dio Uriasek. “Uste dut pop-rock abesti bat dela, moderno xamarra orain egin dudanarekin konparatuta. Abesti indartsu bat da, freskoa”, bukatu du.
Mikel Cubillok zuzendu du Amarena abestiaren bideoklipa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian