Dantza, argazkia eta ikus-entzunezkoa uztartzen ditu erakusketak. Urriaren 14ra arte bisitatua ahal izango da Donostiako EHUko Carlos Santamaria zentroaren Txillardegi aretoan.
Iker Murillo (Pasaia, 1978) eta Vitali Safronkine (Errusia) dantzariek Mikel Laboaren Txoria txori kantua dantza bihurtu dute. Safronkinek Murilloren bizi-esperientzian oinarrituta sortu du koreografia, izan ere, Murillok, beste dantzari batzurekin gertatu izan den bezala, bere lurraldetik urrun egin behar izan du ibilbide profesionala. Dantzari errusiarraren koreografiak, beraz, Murilloren etxera buelta islatzen du, Pasaiara, hain zuzen.
Dantza pieza hori Inge Mendiorozek zuzendutako ikus-entzunezkoan eta Nagore Legarretak ateratako argazkietan ikus daiteke. Biak dira Donostian ikusgai dagoen Txoria txori izeneko erakusketaren parte, Ramon Garcia Zabalegik proiektu honetarako diseinatutako jantziekin batera.
EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatu du ekimen hau, “Txoria txori abestia presentzia handiko doinua da gurean. Behin eta berriz gogora datorkigun kanta da; pertsona askoren bizitzaren parte da, egoera anitzeko soinu-banda. Bizipen guzti horiei koreografia bat jartzea izan du helburu Txoria Txori-ren inguruan egindako ikus-entzunezkoak”, adierazi du Mikel Laboa Katedrako zuzendari Jone Miren Hernandezek.
Txoria txori erakusketa Donostiako EHUko Carlos Santamaria zentroaren Txillardegi aretoan egongo da ikusgai urriaren 14ra arte.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian