Erakusketa 2022ko martxoaren 13ra arte bisitatu ahal izango da.
Gasteizko Artium Museoak Txaro Arrazola. Ustiaketa bikaina izeneko erakusketa aurkeztu du. 90eko hamarkadaz geroztik, artista gasteiztarrak garatu dituen Paisaia sozialak saileko margolanak biltzen ditu erakusketak. Bertan, giza ekintzak zuzenean ala zeharka planetan eta pertsonengan dituen ondorio suntsitzaileak irudikatzen dituzten paisaiak margotzen ditu. Xabier Arakistainek komisariatutako erakusketak hasierako garai hartako beste pieza batzuk, marrazkiak, argazkiak eta Salbaziorako Armadaren dendetan erositako arropekin egindako patchwork-ak ere biltzen ditu.
“Paradoxikoa da gaztelaniaz ‘explotar’ hitzak hiru adiera izatea: ‘lurreko aberastasunak erauztea’, ‘norberaren onurarako beste pertsona baten lana edo ezaugarriak gehiegikeriaz erabiltzea’ eta ‘lehertzea, eztanda egitea’. Erakusketa honen izenburuak aditzaren hiru adiera horiekin jolasten du, eta haien arteko loturak proposatzen ditu, haietatik abiatuta Txaro Arrazolaren (Gasteiz, 1963) lanetako paisaia garaikidearen ideiara hurbiltzeko”.
Arrazolak 1993an New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zuen estudioko leiho handi batetik ikusten zuen paisaiaren lehen marrazkiak egin zituenetik ekoitziz joan den Paisaia sozialak saileko margolan sorta zabala biltzen du erakusketak. Ondoren, zuzeneko marrazkien ordez, egunkari eta aldizkarietatik hartutako irudiak erabili ditu bere margolanen erreferente gisa. Irudiak eta kazetaritza-argazkiak euskarriak ematen dien gaurkotasun laburretik ateratzeak, egunkarien egunerokotasuna gainditu eta tresna artistiko bihurtzeak haien denbora zabaltzen du, baina, batez ere, izugarri hedatzen du haien funtzionaltasuna.
Lekualdaketa horren bidez, Arrazolak munduko hainbat gunetako paisaia garaikide gogoetagarriak sortu ditu, gizakiaren zuzeneko edo zeharkako ekintzak eragindako era guztietako kalteak erakusten dituztenak. Muturreko pobrezia egoerak erakusten dituzten paisaiak, favelak, gerrako errefuxiatuen kanpamenduak edo arrazoi klimatiko edo ekonomikoengatik emigratu dutenenak. “Oso kolore gutxiko margolanak dira, ilunak edo beltz-beltzak, zorigaiztoko mundu bat deskribatzen dutenak, inoiz ez baita pertsonarik agertzen”.
Hurbiltasunaren ideia azpimarratzeko eta lanak mihisearen mugetatik harago hedatzen diren sentipena ez eteteko, margolanei ez zaie markorik jarri. Lehen ere ez zitzaien jartzen. Tamalez, gaur egun, duela 30 urte bezala, lanek erabateko gaurkotasuna dute. Arrazolaren Paisaia sozialek eguneroko paisaia ezagunegiak izaten jarraitzen dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian