Argitalpen berria Nosferatu Bildumako IX. Zenbakia da. Donostiako Tabakalera zentroan Aragoiko zinemagileari eskaintzen ari diren zikloari gehitu zaio lana.
Harkaitz Cano idazleak eta Iñaki Landa ilustratzaileak Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak izeneko liburua aurkeztu dute, Euskadiko Filmategiaren eta Donostia Kulturaren eskutik. Argitalpen berria Nosferatu Bildumako IX. zenbakia da.
Luis Buñuelen irudiari eta obrari buruzko saiakera pertsonal bat da liburua eta Donostian egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Tabakalera zentroan Aragoiko zinemagileari eskaintzen ari diren zikloari gehitu zaio lana.
Harkaitz Canok gaur arratsaldean aurkeztuko du liburua arratsaldeko 18:00etan, Tabakalerako Zinema aretoan, Belle de Jour (1966) filmaren proiekzioaren aurretik antolatu den ekitaldi batean. Aurkezpena Literaktum jaialdiaren programazioaren barruan kokatzen da.
“Literaturaren alde jostarienetik zinemari egindako omenaldi bihurri hau, Luis Buñuelen eta beste artista askoren testu, film, elkarrizketa zati, poema, off-eko ahots eta bestelakoen remake bat da. Tarteka, egileak asmatutakoak ere badira. Inoiz edo behin, Buñuelekin zerikusirik ez duen jendeak parte hartuko du: adibidez, aseguru-saltzaile armeniar batek. Badelako modu bat saiakera fikzio bihurtzeko: aski da kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean”, azaldu du egileak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian