Biharko egitarauan Madeleine, Birkit, Liher, Alberto Barandiaran, Oihana Arana, Juan Kruz Igerabide eta Belarri bero, bai esan? websaila izango dira, besteak beste.
Bihar itxiko ditu ateak Durangoko Azokak eta egitarau zabala izango du prest kulturzale guztientzat. Online denda gaur itxi da, bost eguneko jardueraren ostean, eta bihar Landako Gunearen ordua helduko da. Dagoeneko eguneko bost txandetatik bostak agortu dira. Disko aurkezpenei dagokionez, hamar zuzenekoetatik bederatzitan eman daiteke izena: Sistemak Arriskutsuak Dira, Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Klak!son, Giante, Madeleine, Ainhoa Larrañaga + Triology eta Errietan. Liher ikusteko sarrerak, berriz, agortu dira.
Azokako amaiera ekitaldia 19:00etan izango da, Landako Guneko areto nagusian Irudia + Hitza zuzeneko sorkuntzarekin. Euskal Irudigileen Elkartearekin eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearekin batera, Azokako bisitarien eta irudigileen arteko zubiak eraikitzeko ekintza partehartzailea izango da. Bertan iragarriko dira 57. Durangoko Azokako datak.
Ahotsenea solasaldietan, egunero bezala, hamaika sortzaile izango ditugu Landakon eta Musika Eskolan: Juan Kruz Igerabide, Fernando Rey, Oihana Arana, Amaia Telleria, Teresa Calo, Ibon Muñoa, Elena Martinez Rubio…
Szenatokian biharko ekitaldia goizez izango da, 12:30ean. Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen Högeitavat poesia emanaldia izango dugu: Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute.
Irudienean ere proiekzio ugari eskainiko dituzte egun osoan zehar: Belarri bero, bai esan? websail erotikoa; Asier Altuna eta Migel Angel Elkoroberezibarren Bergara, Serafin Esnaolaren begirada. 1965-85… Kabi@n egunik bereziena izango dugu bihar. Behin geruza digitalak amaituta, bihar Sorkuntza digitala: zer behar dute sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da? mahaingurua antolatu dute. Bertan honakoek hartuko dute parte: Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela sormen espazioa) eta Maria Mur Dean (Conssoni).
Saguganbaran, egunero bezala, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak eta tailerrak egongo dira. Azken emanaldia berezia izango da, Ene Kantak taldearen Dantzan ikuskizuna izango delako, 18:00etan. Talaian ere egongo da zer ikusi eta zertaz gozatu, hainbat hitzaldirekin: Gure fauna eta florari begira, Komuynikazio ez bortitza: bizi hizkuntza bat, Euskararen Gramatika…
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian