Orain arte gordailuan egon den obra bat da, Pagola Hernandez familiaren bildumakoa, eta urtebetez egongo da ikusgai Altzuzan.
Jorge Oteizak 1933an egindako Jesus Jordanen eskultura paratu dute Oteiza museoan. Altzuzako zentroak artistaren lehen sorkuntza aldiko pieza berezi hori jaso eta erakustea erabaki du. “Orain arte gordailuan egon den obra bat da, Pagola Hernandez familiaren bildumakoa, eta urtebetez egongo da ikusgai Altzuzan. Horrela, osatu egingo da artistak 1930eko lehen urteetan, Latinoamerikara abiatu aurretik, eginiko obra multzoa”, azaldu dute bertako arduradunek.
Gainera, Altzuzako zentroak adierazi duenez, eskultura museoan egoteak funtsezko ekarpena egiten dio eskultura gutxi gorde diren sorkuntza-aldi goiztiar haren gaineko ulerkuntzari. “Igeltsuzko hustura lana (77 x 25,5 x 22 cm) bat dator artistaren arte-produkzioko lehen fasearekin, hura oso lotua baitzegoen giza irudiaren bitartez espresioa bilatzearekin. Latinoamerikarako bidaiaren aurretiko sailekoa da, 1933an Donostian eginiko Gipuzkoako Artista Berrien Bienalean erakutsitakoa, Oteizak berak eskulturako lehen saria irabazi zuen hartan”.
Bienalean parte hartu ondoren, beste artista gazte batzuekin hasi zen harremanetan Oteiza, Nikolas Lekuona, Narkis Balentziaga eta Jose Sarriegirekin esaterako, eta haiekin batera parte-hartze aktiboa izan zuen garai hartako lengoaia plastikoen berrikuntzan. Euskal pizkunde deituriko mugimenduari lotuta egon ziren, hots, XX. mendeko lehen hamarkadetan zehar eta batez ere Bigarren Errepublikan zehar garatu zen hari lotuta, erreferentzia estetiko berrien sorrera biziak markatutako epean; Gerra Zibila pizteak errotik moztu zuen, baina, epe hura. Oteizak lehen garai horretan bertan ulertu zuen jada artea ez zela helmuga, baizik eta “proiektu pertsonal eta kolektibo bat gauzatzeko tresna” izango zen praktika bat.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian