Obrak dantza eta antzerkia uztartuz, transmisioa eta identitatearen eraikuntzari buruz hitz egiten du.
Atx Teatroa, El Punto Gunea eta Itzuli konpainiek Oihana izeneko antzezlana estreinatuko dute igandean, Angelun. Obrak dantza eta antzerkia uztartuz, transmisioa eta identitatearen eraikuntzari buruz hitz egiten du. Lan taldeak zehaztu duenez, familia osoari zuzenduta dago antzezlana. Horretarako, gai unibertsalak landu dituzte, publiko zabal batengana iristeko helburuarekin. “Gure istorio honetan, dantzak, adierazpen kanal bat izateaz gain, jakintza eta sorginen boterea izatera heltzeko behar den formula magikoa irudikatzen du. Ideia honek euskararekiko duen paralelismoa nabaria da, belaunaldi bat igaro behar izan baitzen transmisioa eten eta hizkuntza guztiz galtzeko”, azaldu dute. Istorio hau euskaraz kontatuz, beraz, zailtasun guztien gainetik iraun duen transmisioa omendu nahi izan dute, “baita gure hizkuntzen aniztasuna eta aberastasuna ere”.
Honakoa da antzezlanaren sinopsia: Etorkizun hurbil batean, Oihana, Lur bere amarekin eta Argia, bere amatxirekin, bizi da. Mendeetan zehar, jakintzak eta ohiturak, familiako emakumeen artean transmitituak izan dira dantzaren bitartez. Baina, katea moztu egin da. Oihana, ez da gai hizkuntza hau eta dakartzan sekretuak ulertzeko. Gau batez, Oihana, ametsetan bidaiatzen ahal duela ohartzen da. Ordutik, ausardiaz eta kuriositate handiz, bere iragana deskubritzera abiatzen da eta honekin batera, hizkuntza misteriotsu hau hitz egiten duten emakumeak ezagutzera: Sorginak.
Maryse Urrutyren zuzendaritzapean, Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti ikusiko ditugu taula gainean. Taldea osatzen dute Paula Olazek (musika), Eneko Gilek (koreografia) eta Francisco Dussordek (eszenografia eta jantzigintza).
Estreinaldia igandean izango da, otsailak 6, 15:00etan, Angeluko Quintaou aretoan. Sarrerak agortuta daude jada. Otsailaren 7an eta 8an beste hiru emanaldi eskainiko dituzte agertoki berean. Agenda betea dute jada, hurrengo hitzorduak Luhuson, Hendaian, Donapaleun, Donostian, Bilbon eta Azkainen izango dituzte.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian