Gervasio Sanchez argazkilariaren irudiak biltzen dituen erakusketa apirilaren 30era arte bisitatu ahal izango da, Okendo kultur Etxean.
Emakumeen aurkako indarkeria nazioarteko gatazketan erakusketa Euskal Fondoak ekoitzi du eta Donostiako Udaleko Lankidetza Sailak Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatu du. Beraien ustez, “emakumeek eta neskatoek desberdinkeria larria jasaten dute planeta osoan zehar, gatazka armatuetan larriagotzen dena. Gerrek pobreziari aurre egiteko eta baliabide ekonomikoak lortzeko oso egoera ahulean uzten dituzte emakumeak. Ama-haurren osasun eta arretarako oinarrizko zerbitzuak hondatu egiten dira, bortxaketa arma moduan eta elkarri erasotzeko erabiltzen dute borrokalariek, eta genero-indarkeria, gizakien salerosketa eta haurren ezkontzak areagotu egiten dira gatazketan. Aldi berean, indarkeriak munduan lekualdatutako pertsonen ia erdiak emakumeak dira, eta, askotan, arazo gehiago dituzte generoagatik egoera horietan”.
Gervasio Sanchezen argazkiek gerretako biktima zibilen istorioak kontatzen dituzte, eta gatazkek amaitu ondoren ere irauten dutela erakusten dute. Erakusketa honen ardatza amaitu gabeko istorio horietako 40 dira. “Istorio garrantzitsuak dira: emakumeek gatazka armatuetan jasaten dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzte; argi uzten dute ezinbestekoak direla bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko genero-ikuspegia erabiltzea nazioarteko gatazketarako irtenbideak bilatzean eta berdintasuna izatea emakumeen eta gizonen artean”.
Argazki bilduma honekin, zuzenean eragiten ez digutenez existitzen ez direla diruditen errealitateak lehen planora ekarri nahi dituzte antolatzaileek. “Emakumeenganako indarkeriaren gaitzaren eta, bereziki, gatazka armatuetan emakumeen eta neskatoen aurka modu sistematiko, basati eta orokorrean egiten den indarkeriaren aurkako salaketa eta kontzientziaren aurkako kolpe zuzena dira argazki hauek”.
Bisita gidatuak
Hainbat bisita gidatu antolatu dira Gervasio Sanchezekin. Lekua mugatua izango denez, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da lankidetza@donostia.eus helbidera idatzita edota 943481471 telefonora deituta. Bisita gidatuak gaur eta bihar izango dira goizean eta arratsaldean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian