Erakusketa batek eta hainbat performance eta hitzaldik osatuko dute asteburu honetako egitaraua.
Donostiako Tabakalera zentroak 60ko eta 70eko hamarkadetako soinuzko arte kontzeptualaren ondarea aztertzen duen Une musique intérieure proiektua aktibatuko du ostiral honetan, hilak 18. Antolatzaileek aurreratu dutenez, erakusketa batek eta hainbat performance eta hitzaldik osatuko dute asteburu honetako egitaraua.
“Une musique intérieure (Jokabidea, hizkuntza, ahotsa eta barne-entzumena) erakusketak zalantzan jartzen ditu gure jokabidea, gure hizkuntza eta gure ahotsa, barne-entzumenaren oreka edonork zalantzan jarriko lukeen bezala, hau da, kanpoko munduarekin dugun harreman intimoarekiko duten paper egonkorra zalantzan jartzen du”, azaldu du antolakuntzak.
Erakusketaren abiapuntua Solo – Nature Study Notes – 1969-2019 [Athens Version] 2021 interpretazio performatiboa da. Atenasen egon ondoren, Donostian beste ikuspuntu bat aurkitu nahi du norbanako memoriaren eta memoria kolektiboaren arteko harremanaz hausnartzeko. Pieza honek, beste obra eta esku-hartzeekin batera, publikoa bere barne-musikarekin duen harremana aurkitzera bultzatzen du. Obra kolektibo honen bigarren emanaldi honek ekintza bera gertatzen den markoaren inguruko problematika planteatzeko balio du.
“Tabakalerako erakusketa honek, arte-lanaren testuinguruan arreta jartzen aitzindariak izan ziren konpositoreen partiturak ekartzen dizkigu gogora”: esaterako, Alvin Lucier (Chambers, 1968), Pauline Oliveros (Deep Listening, 1989) eta Milan Adamčiak (Floor scores, 1967). “Arau sozialek barnekotasuna kolonizatu dute”, adierazi zuen Erik Satiek Musiques d’ameublement (Carrelage phonique, 1917) obran. Erakusketa hau ganbera-musikaren kontzertu bat balitz bezala proposatzen da eta xede hori Amable Arias tokiko artistaren edo sortzaileen belaunaldi berri baten (besteak beste, Eva Barto, Mattin, Matthieu Saladin eta Cally Spooner) obren bidez beteko du, determinismoaren plano politiko betean eta tresnen alderdi bikoitza erakutsiz: alderdi musikala nahiz manipulazio-tresna gisa duten izaera.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian