Interesa dutenek martxoaren 20ra arte izango dute argazki-lehiaketaren 17. edizioan parte hartzeko aukera.
Iazko etenaldiaren ondoren, Gasteizen urtero egiten den FotoArte lehiaketaren edizio berria aurkeztu du Udalak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Esibaliz Cantok azaldu duenez. “FotoArte lehiaketak herritarrak argazkilaritzara gerturatzea, sormena bultzatzea eta sorkuntza-prozesua sustatzea du helburu, eta dagoeneko sendotuta dago. Gure asmoa da jarduera artistikoa modu erakargarri batean ikusaraztea, bere edozein fasetan, argazkigintzak soilik eskain dezakeen ikuspegi berezi horren bitartez.
Lehiaketak bi fase izango ditu, ohi bezala. Lehenengoa, lehiaketa bera, martxoaren 20ra bitartean izango da; interesdunek udalaren webgunearen bidez parte hartu ahalko dute, epe horren barruan. Artista bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu lehiaketara, eta horien gai nagusia literatura izango da.
Hiru sari egongo dira: 1000 euro lehenarentzat, 700 euro bigarrenarentzat, eta 400 euro bertako artista batentzat; 150 euroko bi accesit ere emango dira. Bertako artista batentzako saria Gasteizen bizi diren edo bertan lanean edo ikasten ari diren pertsonek aurkeztutako lanen artean hautatuko da. Argazkigintzan eta artean eskarmentu handia duten hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia.
Erakusketa ibiltaria
Bigarren fasea maiatzaren 31n hasiko da, 19:00etan, Pilarreko gizarte-etxean: saritutako lanen aurkezpen-gala egingo da, eta epaimahaiak hautatutako 32 argazkien erakusketa ibiltaria inauguratuko. Ondoren, beste gizarte-etxe batzuetan jarriko da ikusgai erakusketa. Udalaren webguneko gune birtual batean ere ikusi ahalko da.
Aldi berean, herritar guztiei zuzendutako jarduera osagarriak antolatuko dira: hitzaldiak, solasaldiak, lantegi praktikoak, mahai-inguruak eta erakusketak; aurrerago emango da horien berri.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian