Baigorri eta inguruetako herrietako 110 lekukok beren bizipenak eta oroimenak azalduko dituzte Etxe Zaharrean, 200 ikus-entzunezko pasarteren bidez.
Euskal Kultur Erakundeak proiektu handi bat abiatu zuen 2007an: Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa. Programa hau, gaur egun Eleketa izenarekin ezagutzen da, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obragintzapean egiten da, urtero hogeita hamar bat lekukotasun bilduz.
Hala, EKE-k Eleketa fondoaren aberastasuna ezagutzera eman nahi du. Eleketa, ahozko memoriak izeneko multimedia erakusketa xede honekin jarri dute martxan: “lurralde bakoitzean bildutako lekukotasunak lurraldera itzul daitezen eta jendeak goza ditzan”.
Erakusketa ibiltaria Hazparnen abiatu zen 2020an eta 2021eko udazkenean Donibane Garazin jarri zuten ikusgai.
Martxoaren 26tik maiatzaren 21era bitartean, berriz, Baigorriko Etxe Zaharrean bisitatzeko aukera egongo da. Baigorri eta inguruetako herrietako 110 lekukok beren bizipenak eta oroimenak azalduko dituzte bideoen bidez. 200 baino gehiago dira ikusgai izango diren grabaketa horiek. Azpimarratzekoa da bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) aurkeztuak izango direla erakusketan.
Bestalde, horien denen osagarri, lurraldeko lekukoek utzitako zenbeit argazki eta objektu ere ikusi ahal izango dira.
Partikularrak eta ikerlariak bezala, tokiko irrati eta telebistak ere ari dira oraino Euskal Herriko memoria biltzen. Maite Barnetchek (1941-1986) hainbat erreportaje egin zituen, telebista publikoak Euskal Herria orai eta gero lelopean zabaldu zituenak 1971tik 1986ra arte. Horietako batzuk Baigorrin ikusi ahal izango dira.
EKEk gainera, sortzaileei ere erakusketan parte hartzeko aukera eskaini die. Lur Olaoizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagileei ahozko memoriari buruz ikertzea eskatu zaie eta bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari aurkeztutako lanen bitartez.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian