Ortuño aretoan izango da emanaldia arratsaldeko 19:00etan.
Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren bitartez, Oihaneder Euskararen Etxeak euskaraz egindako film-dokumentalak eskaintzen ditu hilean behin, urritik maiatzera bitartean. Emanaldi guztiek bi atal izaten dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatzen da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egiten da.
Oraingoan Bego Zubia Gallastegik idatzi eta zuzendutako Urak aske dokumentalaren txanda izango da. Larrialdi klimatikoaren ondorioak jasaten hasi eta neurriak hartzea premiazkoa den honetan, filmak bide horretan eman diren urretsen berri emango du, eta bide horri ekiteak dituen ondorioak eta zailtasunak ezagutzeko aukera ere bai, mendebaldeko gizarteek naturarekin duten harremanari buruz hausnartzen laguntzen duen bitartean.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “aktualitate handiko lana ikusteko aukera da hau, bide batez, historia eta izaera oso berezia duen naturgune paregabea ezagutzekoa. Artikutza Goizuetako lurretan dago, Donostiaren jabegoa da eta Natura 2000 sare europarreko babesgune naturala da”.
Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago.
Normandian, aldi berean, Vezins-eko presa handia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Selune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. “Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien, edo handien, araberakoa izango da etorkizun hori”.
Gonbidapenak
Lagun bakoitzak bi gonbidapen eskatu ahal izango ditu. Gonbidapenak eskuratzeko Bibe plataforma–ren bidez, 615 986 832 telefonora deituta, 10:00etatik 12:00etara edota oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita.
https://vimeo.com/547900801?embedded=true&source=video_title&owner=7852603
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian