Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak hirugarren aldiz aurkeztu dute lehiaketa. Aurreko bi edizioetan egin zuten moduan, aurten ere hiru kategoria izango dira parte hartzeko, hiruna sarirekin. Ekainaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.
Aurreko bi edizioetako bidearekin jarraituz, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa jarri dute martxan, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.
Azaldu dutenez, “Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, hiru kategoriatan: txikiena, 2009an edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2004an edo lehenago jaiotakoentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Antolatzaileek, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.
Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.
Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, irailaren 30era arte. Ondorengo loturan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian