Zuzenekoa ekainaren 17an izango da Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 22:00etan. Sarrerak salgai daude jada.
Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Xamanak taldekidearekin batera, Ostera Bizi Bizian kontzertua aurkeztu dute gau, Bilbon. Hala, iazko udazkenean Olatz Salvadorrek, Mikel Urdangarinek eta Xamanak taldeak online eskainitako hiru kontzertuak aurrez aurre eta kontzertu bakar batean ikusteko aukera izango dute herritarrek ekainaren 17an Bilboko Kafe Antzokian.
Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendariak zuzeneko berezia izango dela azpimarratu du, ez soilik hiru musikari hauek kontzertu bakarrean ikusi eta entzuteko aukera egongo delako, baita Udagoieneko Ostera kontzertu zikloaren ohiko formatuaren itzulera delako ere. 2022ko Udagoieneko Ostera zikloa datorren azaroan egingo da, eta aurten berriz ere, zuzen-zuzenean eta publikoaren aurrean egin ahal izango dira kontzertuak. Ekainaren 17an Antzokian egingo den kontzertua azaroko Udagoieneko Ostera emanaldi zikloaren aurrerapen gisara aurkeztu du Mendizabalek: “antolatzaileek zor genien zuzeneko emanaldi bat iazko edizioko hiru artistei eta, batez ere, herritarrei. Gauza bat da zure musikari gustukoenak pantaila bidez ikustea eta beste bat aurrez aurre ikusi eta entzun ahal izatea. Ostera oholtzara datoz Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Xamanak baina publikoaren aurrera oraingoan, bizi-bizian”.Xamanak taldeko abeslari Endika Lahaine bere aldetik, beraien habitat naturala agertokia izaki, pozik azaldu da Udagoieneko Osteran iaz online emandako kontzertuak zuzen-zuzenean errepikatzeko eman zaien aukeragatik. “Kontzertu bakar eta errepikaezin honek gureak bezalako hiru proposamen musikal ezberdinez gozatzeko aukera emango dio entzuleari”, adierazi du. Ostera Bizi Bizian kontzertua ekainaren 17an izango da Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 22:00etan. Sarrerak salgai daude jada https://sarrerak.kafeantzokia.eus webgunean 12 eurotan eta 15 eurotan leihatilan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian