Antzezkizuna familia ereduei buruzko sitcom poetikoa izango da eta azaroaren 20an estreinatuko da Azpeitiko antzerki topaketetan.
Metrokoadroka kolektiboak Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana taularatzen hasiko da laster. Lantaldearen helburua “sitcom komedia bat egitea izan da, gure taldearen marka den poesia bisualarekin uztartuta. Hala, Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran ikusiko ditugu oholtza gainean. Marina Suarez eta Oier Guillan, berriz, zuzendaritza artistikoaz arduratzen ari dira. Ekoizpenean eta salmentan Oscar Picazo ari da.
Halaxe dio sinopsiak: “Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: Gu familia bat gara?. Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana”. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesia bisualaren arteko antzezlana osatu du kolektiboak.
Antzezlanaren sortze prozesuari dagokionez, Ozaetako Garaionen, Oreretako Lekuona Fabrikan eta Azpeitiko Dinamon eta Soreasun egin zituzten egonaldiak pasa den udaberrian. Ekainean Eztena arte eszenikoen jaialdian lehenengo aurkezpen publiko bat egin zuen lantaldeak work in progress moduan. Irailean azken entseguak egingo dituzte Oreretako Lekuona Fabrikan. Lehenengo hitzorduak jendaurrean, berriz, hauek izango dira: Urriaren 13an Bilboko BAD jaialdian aurrestreinaldia; urriaren 22an Pasaiako Umore Topaketetan bigarren aurrestreinaldia; eta azaroaren 20an Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinaldia.
(Bideoa: Kulturaz Kultur Kooperatiba)
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian