Urriaren 27an hasi eta azaroaren 1era bitartean, letren eta hitzen lurraldea izango da Ondarroa beste behin ere, Literatur Amuak jaialdiarekin. Sormena, ikuskizuna eta jolasa izango dira berben bueltan aritzeko bideak.
Urtero modura, Nanoipuin lehiaketarekin eta Augustin Zubikarai nobela bekarekin abiatuko da Literatur Amuak jaialdia. Euskal Herri luze zabaleko idazleentzat urteroko hitzordu garrantzitsuak izan ohi dira biak, eta horren erakusle da azken urteetako lanen maila. Iazko Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Mikel Alvarez Sarriegi idazleak bere proiektutik sortutako Euskalia eleberria aurkeztuko du: nobela beltzaren eta umore tonuaren artean mugitzen zen proiektua aurkeztu zuen Alvarezek, eta hortik dator orain bere lana.
Literatur Amuak jaialdiko ikuskizun jendetsuena Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Ikuskizunerako sarrerak Beikozinan salduko dira, pertsonako lau gehienez, urriaren 21etik aurrera. Sarrerak erosi beharko dira Anita Maravillas konpainiaren Kotondarrak txotxongilo ikuskizunerako ere. Horiek ere Beikozinako leihatilan eskuratu beharko dira, egun beretik aurrera.
Bestalde, herriko sortzaileei tartea ere egingo zaie, urriaren 29an, esaterako, Leire Bilbao idazleak Etxeko urak errezitaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean.
Urriaren 30a, igandea, bertso saio feministarekin hasiko da. Arratsaldean, berriz, Josu Arrizabalaga ondarroarrak lehengo andre eta gizonen pasarte xelebreak kontatuko ditu Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Arrizabalagak herriko pasarteen bilduma bat osatu du, eta horiek elkarbanatuko ditu herritarrekin, gehienak arrantza mundukoak eta xelebreak.
Astelehena Arimen Gauarentzat izango da. Kaleko argiak itzaliko dira 19:00etatik 21:00etara, Alde Zaharretik kanposanturaino. Horra Literatur Amuaken proposamena egun eta iluntze berezi horretarako. Urriaren 20tik azaroaren 10era, Liburuen arbola erakusketa ikusi ahal izango da Kofradia Zaharrean; aurkezpena hilaren 20an, arratsaldeko 19:00etan egingo da. Erakusketa horrek liburuaren garrantzia azpimarratuko eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbilduko du.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian