Komikian Gasteizko setioa eta bere testuingurua azaltzen dira.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak programak abiatutako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdia irabazi zuen Gasteiz 1200, defentsa amaigabea eleberri grafikoaren proiektuak.
Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzailea dago eleberri grafikoaren atzean. Gasteiztarrak urte eta erdia eman du bere lehenengo eleberri grafikoa dena marrazten. Ibarrak Fernando Sanchez Aranaz historialaria eta Martin Ttipia elkartearen laguntza izan du eta orain lanaren lehenengo aurkezpen ofiziala egingo du datorren azaroaren 17an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan.
Komikian, Gasteizko setioa eta bere testuingurua azaltzen dira. Hiriaren aurkako erasoaldia Alfontso VIII.ak buru zuen Gaztelako Erresumako gudarosteak burutu zuen. 1199-1200 urteen bitartean, Nafarroako Erresumaren mendebaldeko lurraldea konkistatzeko kanpainan, Antso VII.a Nafarroakoaren garaian. Gasteiztarrek suharki defendatu zuten hiria, bertan gotortuz eta setioa zortzi edo bederatzi hilabetera luzatuz. Irakurlea defentsa ikaragarri honetan murgiltzea da asmoa.
Ibarrak kontatu duenez, “umea nintzenetik entzun izan dut euskaldun guztiak nafarrak garela. Hasieran, lelo bat besterik ez zela uste nuen, errealitatearekin harremanik ez zuena. Gerora, gure herriaren historia arakatzen, konturatu nintzen oker nenbilela, esaldi horrek zentzu guztia zuela. Ezin dut ukatu, gasteiztar bezala, hiri honi hiribildu-karta nafar errege batek eman izanak harro sentiarazten nauela. Suspergarria egin zait ere ohartzea noizbait inguruko herrien pare bizi izan ginela, burujabe. Hau guztia gizarteratzeko beharretik dator eleberri grafiko hau egiteko gogoa. Esan beharra dago ere, euskal epikaren maitalea naizen heinean, ezin nuela pasatzen utzi halako istorio bat kontatzeko aukera”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian