Ekimenak bi helburu nagusi ditu: euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta euskarak pantailen munduan dituen gabeziak agerian uztea, erakundeek pausoak eman ditzaten.
Pantailak Euskaraz plataformak antolatutako Pantailaldia aktibazio sozialeko ariketa datorren ostiralean, hilak 11, abiatuko da eta astebete iraungo du. Euskaraldiaren testuinguruan eta bere sinergiak profitatuz, ekimenak helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta, bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian uztea, erakundeak pausoak eman ditzaten.
Sustatzaileek jakinarazi dutenez, telebista, ‘streaming’ plataforma, zinema, sare sozial edo bideo-jokoetan euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka da herritarrei luzatu zaiena. Erronka betetzeko konpromiso berezia hartu duten bost boluntario buru-belarri murgilduko dira ekimenean: Sondikako Andoni Solorzano hizkuntza aholkularia, Iruñeko Itziar Luri kazetaria, Gasteizko Mitxel Elortza irakaslea, Sarako Nagore Irizar bikoiztailea eta Azkoitiko Ioritz Gonzalez irakaslea.
Boluntarioek euren bizipenen berri emango dute egunero sare sozialen bidez, eta, horrez gain, tokiko komunikabideetan ere gertuko jarraipena izango dute, elkarrizketa eta erreportajeen bitartez. Herritarrek ere aukera izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera, horretarako haien bizipenen berri eman beharko dute sare sozialetan #Pantailaldia traola erabilita.
Orain arte ehun pertsona baino gehiagok eman dute izena pantailakeuskaraz.eus webgunearen bitartez, eta ostegunera arte egongo da zabalik izena emateko aukera. Parte hartzaile orori, Pantailaldiko profil irudia (sare sozialetan jartzeko), euskarazko ikus-entzunezko baliabideen zerrenda eta agenda proposamen bat bidaliko zaie, astebeteko erronka hori errazago betetze aldera.
Agenda proposamen horretan, gainera, hainbat jarduera egingo ditu Pantailak Euskaraz-ek: larunbatean, esaterako, Bilbon ospatuko den Jokoteknia euskarazko bideo-jokoen jardunaldian partehartzeko aukera egongo da. Izan ere, sustatzaileek gogorarazi dutenez, Euskal Herrian urtean zehar eskaintzen diren zinema emanaldien %1 soilik da euskaraz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian