Ikuskizuna Bilboko Arriaga Antzokiko foyerrean izango da datorren astelehenean, azaroak 14, eta Goikoetxeak berak hartuko du parte, Landarbaso Abesbatzak, Beñat Egiarte tenorrak eta Klara Mendizabal sopranoak lagunduta.
Literatura eta Musika Euskaraz zikloak beste hitzordu bat eskainiko du Bilboko Arriaga antzokiko foyerrean datorren astelehenean, azaroaren 14an, 19:30etik aurrera. Aurreratu dutenez, emanaldia “oso berezia” izango da da, Joxan Goikoetxea musikariak sustatua Xabier Lete omentzeko.
Letek Bilboko antzokian egin zuen bere azken agerraldi publikoetako bat. 2010ean izan zen, Egunsentiaren esku izoztuak liburua aurkezteko biraren amaierako ekitaldi gisa, Goikoetxea bera lagun zuela. Orain, poetaren heriotzaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, Hesia urraturik estreinatu eta argitaratu du Goikoetxeak. Alegoria moduko oratorio sinfoniko-korala da, Leteren zenbait testu eta melodiaren hautaketa berezia.
Oratoriak hamahiru zati ditu, 65 bat minutu irauten du, eta bere kezkak eta zalantza existentzialistak hain sakonki adierazten asmatu zuen artista haren pentsaera eta imajinario filosofiko-estetikoa gogoratzera eta aztertzera bultzatzen gaitu (grina, fedea, aberria, nostalgia, maitasuna, elkartasuna, berradiskidetzea, erredentzioa, itxaropena…).
Oraingoan ganbera-formatuan, Literatura eta musika euskaraz ziklora itzuliko da Goikoetxea, obraren egokitzapen berezi hau eskaintzeko asmoz. Ziklo haren barruan egin zen, hain zuzen ere, Arriagako errezitaldi historiko hura. Goikoetxeak proiektu hau gauzatzeko funtsezkoa izan duen Landarbaso Abesbatza izango du alboan, Iñaki
Tolaretxipiren zuzendaritzapean. Beñat Egiarte tenor solistak, Klara Mendizabal sopranoak eta Xabier de Felipe biolin-jotzaileak ere osatuko dute emanaldiaren bertsio berria interpretatuko duen taldea.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian