Agurtzane Intxaurraga antzerkigileak zuzendu du obra, taula gainean, berriz, Miren Gojenola eta Asier Hernandez aktoreak ageri dira. Mafalda Bellidoren Chucho antzezlanaren gidoia du oinarri lanak, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara.
Lezoko Gezala auditoriumak Toto, Agurtzane Intxaurragak zuzendutako antzezlanaren estreinaldia hartu zuen atzo. Antzerkigilearen arabera Toto komedia bat da: “komedia lazgarria, zuzena eta artifiziorik gabea”.
Intxaurragak antzerkiaren aztarna hutsera itzultzeko gogoa sentitu du berriz ere. “Gogoa bizitzari umoretik begiratzeko. Izan ere, barre egiteko gogoak salbatuko ahal gaitu trajediatik! Eta oraingoan egiazko emozio latzenei uko egin gabe, publikoak barre egitea nahi dut”.
Mafalda Bellidoren Chucho antzezlanaren gidoia du oinarri obrak, eta Kepa Errastik euskaratu du testu hori.
Totok, umeen hizkuntzan, txakurra esan nahi du. Eta Maik (Miren Gojenola) eta Joxeluk (Asier Hernandez), bikote protagonista, txakurra umetzat dute. Gizateria eta animalia izaeraren arteko lerro fina.
Protagonistek txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. Toto galdu egin da Joxelurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bere bizitza bera gabe, maitasunik gabe.
Maik eta Joxeluk modu latzean eztabaidatzen dute. “Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan”, azaldu du lantaldeak. “Entzun ba! Ez didazu entzuten. Ez duzu ezer ulertzen. Ulertzen didazu? Utzidazu azaltzen. Ez, ixo. Ez dut entzun nahi. Esango dizut. Zuk ez didazu ezer esango…”
Barrutik trajedia moduan bizi ohi diren eztabaidak, kanpotik ikusita, gehienetan barregarriak eta komikoak suertatzen direla nabarmendu dute. “Toto halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia”.
“Toto komedia intentsoa da. Totok belaunaldiz belaunaldi iraun duen sagastien adina dauka eta aldi berean, txakurkume batena. Totok maitasunaren galeraz hitz egiten du bere magnitude kosmiko guztian. Joxelu, Mai eta Toto, oraintxe bertan, gizateriaren eta animali izaeraren artean daude”.
Agenda betea datozen hilabeteetarako
Toto antzezlanaren hurrengo emanaldia urtarrilaren 20an izango da Zumaian, 21ean Hondarribian eta 22an Aretxabaletan. Oraingoz maiatzera arte programatu dituzte emanaldiak Euskal Herriko hainbat herritan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian