Zinema aretoko jarduerez gain, beste hainbat ekintza ere izango dira aurtengoan, besteak beste, ElektroPottotti elektrotxarangaren eta DJ Julenen emanaldia Aretxabaletako kaleetan zehar, eta ardo dastaketa.
Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiaren 16. edizioari esker, zinemaz eta ekitaldi anitzez osatutako hiru egun izango dira asteazkenetik hasita ostiralera bitartean. Egitarauan, zinema aretoko jarduerez harago, beste hainbat ekintza ere bildu dituzte, besteak beste, ElektroPottotti elektrotxarangaren eta DJ Julenen emanaldia Aretxabaletako kaleetan zehar, eta ardo dastaketa.
Jaialdian izango diren ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupe aretoan izango dira, ardo dastaketa, elektrotxaranga eta DJa izan ezik.
Hasteko, Urtarrilaren 25ean, asteazkena, goizeko 10etan, haurrentzako Orkesta Lurtarra proiektatuko da, Kurtzebarri eskolako ikasleak bertan izango direlarik. Filma Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canoren Orkestra Lurtarra liburuan oinarrituta dago, baina lanketa berezia egin diote “musikalki eta baita istorioan ere, garaikideago eta ganberroago bihurtuta”. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek idatzi du musika guztia; Canok berak eta Eneko Olasagastik josi dute gidoia.
Eguerdian eta arratsaldean, Ikasle eta Bideoklip Sailen proiekzioak ikusi ahal izango dira. Antolakuntzaren esanetan, “Ikasle saila aurten oso berezia da guretzat, lehenengo aldiz sail hau euskal zinema eskola desberdinetako ikasle guztiei zabaldu baitzaie, HUHEZIko ikasleetatik harago”. Bideoklip saila bigarren urtez antolatu dute, iaz nobedade izan zena egonkortuz. Eta azkenik, asteazkenetan Aretxabaletan pintxo potea egin ohi denez, poteo baten bidez itxiera emango diote egunari.
Urtarrilaren 26an, osteguna, pertsona nagusiekin batera egingo den proiekzioarekin abiatuko da eguna. Hauek Senior Saria erabaki eta Haziren eskutik ardo dastaketa izango dute Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Arratsaldean, bikoizketaren mundua ezagutzeko aukera izango da, Ane Aseginolazari (Doraemon, Sorgin aspertua…) eta Arantxa Moñuxi (Nobita, Ane -Hiru hirukiak- .,.) egingo zaien elkarrizketaren bitartez. Ostean, arratsaldeko seietan, Oñatiko Antixena gaztetxearen eskutik, Ixilik nahi gaituztenean, Mari filmaren proiekzioa eta egileekin solasaldia egingo dira.
Urtarrilaren 27a, ostirala, izango da jaialdiko egun handia. Arratsaldean ekingo diote egitarauari, sail ofizialaren proiekzioarekin. Emanaldia bi zatitan banatuko dute, tartean atsedenaldi bat utzita. Proiekzioak amaitzean, arratsaldeko 19:00etan, sari banaketa egingo dute. “Bertan elkartuko gara lehiaketako partaideak, epaimahaikideak, babesleen ordezkariak, ikasleak, gerturatzen diren ikusleak eta, nola ez, antolakuntzako kideak”.
Jaialdiari festa giroan emango diote amaiera, ElektroPottotte elektrotxaranga (Aretxabaletako kaleetan zehar) eta DJ Julenekin (Aretxabaletako Ezkutu tabernan).
Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira. Ardo dastaketara bertaratzeko izena eman beharko da aldez aurretik 656732586 telefonora deituta.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian