Oier Guillanen VHS, Idoia Tapiaren Ludus, Gontzal Uriberen Prospectus vitae eta Laura Peganosen Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlanak ikusteko aukera egongo da ostegunetan, martxoaren 16tik apirilaren 4ra bitartean.
Iruñeko Karrikiri Elkarteak Nano-antzerki zikloa antolatu du martxoaren 16tik aurrera. Ostegunero, antzerki labur bat taularatuko dute Xabier kalean duten lokalean, denak arratsaldeko 19:30ean. Elkarteko kideek adierazi dutenez, “Karrikirin ez da kabitzen Grezia klasikoko tragikomediarik, ezta Metropolitan Operako antzezlanik ere. Tira, nor engainatu nahi dugu? Gure Karrikiri xumean ez da kabitzen ezta Poltsiko antzerkirik ere. Gurea Nano-antzerkia izanen da, ala ez da izanen”.
Diotenez, “pausu irmoz dator nano-eztanda, eta dardara ederra eraginen du, gure inguruko aktore eta artisten eskutik baitator. Gure nano-antzerkia bertakoa, euskalduna, probokatzailea, aberatsa eta ausarta izanen da. Nano-antzerki sail honek gaurkotasunez zipriztindutako istorio anitzak publiko ororengana helaraztea du xede”.
Hala, martxotik aurrera, “irri eta negar egiteko, hausnartzeko eta hementxe bertan idazten eta taularatzen diren kalitatezko antzerki lanez gozatzeko aukera izanen dugu”, nabarmendu dute.
Nano-antzerki ziklo honen ametsa “Karrikiri elkarteak antzerki munduari atetxo bat zabaltzea” dela diote antolatzaileek.
Lehen emanaldia Oier Guillanen VHS obra izango da, antzerkigileak martxoaren 16an taularatuko du antzezlana. Martxoaren 23an, berriz, Idoia Tapiak Ludus aurkeztuko du. Martxoaren 30ean, Gontzal Uriberen txanda izango da Prospectus vitae lanarekin, eta amaitzeko, apirilaren 4an, Laura Peganos Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlanarekin igoko da oholtzara.
Emanaldi bakoitzerako sarrerak salgai daude jada 3 euroren truke eta antzezlan guztiak ikusteko bonoak ere eskuratu ahal izango dira 10 euroan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian