Solasaldiak astelehenetik ostegunera izango dira 19:30ean eta sarrera librea izango dute edukiera bete arte.
Haizalde Elkarteak eta Intxaurrondo Kultur Etxeak Intxaurrondoko Ibiltariaren Astearen XXIX. edizioa antolatu dute apirilaren 24tik 28ra bitartean. Azaldu dutenez, “bidaiek eta osatzen dituzten esperientziek gidatuko dute aurkezpen bakoitza: ingurumena, kultura eta elkartasuna izango dira asteko lau proposamen ardatzak, eta aurtengo berritasun gisa, programaren azkeneko egunean kontzertu-proiekzio bat eskainiko da”.
Solasaldiak astelehenetik ostegunera izango dira 19:30ean eta sarrera librea izango dute edukiera bete arte.
Lehen aurkezpena, hilaren 24an, astelehena, Juan Manuel Sotillosek egingo du Con la fuerza del viento izenburupean eta Sos Artic Trineo de Viento 2022 espedizioari buruz arituko da.
Hilaren 26an Hemen gaude, euskaldunon urratsetan izeneko proiektuaren txanda izango da. Maialen Lopez eta Iñaki Goikoetxea irundarrek Hego Amerika zeharkatu dute zazpi hilabetez. Hemen gaude proiektuarekin euskaldunen inguruko istorioak jaso dituzte, Argentinatik Kolonbiaraino, bederatzi herrialdetan zehar, 30.000 kilometro baino gehiago eginez Euskal Herritik itsasontziz bidalitako kotxe zahar batean.
Hurrengo egunean, Peio Garcia Amianok Zaporeak egitasmoaren berri emango du. Zaporeak gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eta maitasuna eskaintzeko lan egiten du, haien jatorrizko herrialdeetako egoera hobetzeko asmoz. Errealitatea deserosoa da, baina ez da oharkabean pasatzen elkarte honen eta boluntarioen lanari esker. Zaporeak sortu zenetik (2015), bi milioi bazkari-errazio baino gehiago banatu ditu, baina, aitorpena eta gizarte-laguntza jaso arren, zailtasunak ditu bere lana betetzen jarraitzeko.
Ibiltariaren Astea apirilaren 28an amaituko da, ostiralean, kontzertua eta proiekzioak uztartzen dituen Pato Mikeleiz nafarraren En furgo al Himalaya aurkezpenarekin. Bertan, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinezen laguntza berezia izango du.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian