Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik. Bekak lau urteko iraupena izango du.
Joxan Artze doktorego aurreko ikerketa sari berria aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mikel Laboa Katedraren barruan doktorego tesia euskaraz egiteko beka bat da honakoa. Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sortu zen Mikel Laboa Katedra, euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzea helburu duena.
Beka berriaren ikergaiak XX. mendearen bigarren zatiko euskal lirika, egileak, obrak, nahiz horien itzulpenak izango dira; “euskal poesia nahiz narratiba eta drama lirikoak, euskal lirikaren lotura beste literatura genero eta arteekin, XX. mendearen bigarren zatiko egile lirikoak, horien eragina ondorengo literaturan nahiz, oro har, kultura sorkuntzan eta itzulpengintzarekin izan dituzten loturak”.
Prozedurari dagokionez, hautatutako pertsonak doktorego aurreko urtebeteko kontratu bat lortuko du, beste hiru urtez luza daitekeena, Euskal Herriko Unibertsitateko sail edo institutu batean tesi bat egiteko. Doktorego aurreko kontratu hori EHUren bitartez formalizatuko da. Doktoregaiak urtero aurkeztuko dio Mikel Laboa Katedraren zuzendariari, irailaren 15a baino lehen, urtean egindakoaren txostena eta hurrengo urteko eginkizunen aurreikuspena. Txosten hori tesi-zuzendariak sinatuta entregatu beharko da eta txostenaren ebaluazioaren arabera berrituko da kontratua.
Aurkeztutako curriculumak eta tesi-proiektuak Mikel Laboa Katedrak izendatutako hiru adituz osatutako hautaketa batzorde batek baloratuko ditu.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian