Erakusketak kontzientzia sortu nahi du elikagaiak duen garrantziaz eta planeta honetan bizi garen izakiontzat eta planetarentzat berarentzat dituen ondorioez.
Gaur zabaldu ditu ateak Ogia eta zirkua, artea eta elikadura izeneko erakusketak Iruñeko Ziudadelako Labean. Antolatzaileen esanetan, “elikadura da etorkizun jasangarriaren erronkarik garrantzitsuenetako bat. Gaur egun, elikagaiak lortzeko kezka izateaz gain, janaria aukeratu behar dugu; gaia konplexua eta nahasia da, publizitateak eta hedabideek agintzen baitute arlo horretan. Elikagaien faltak eragindako desnutrizioaren eta elikagaien industriak sustatutako gainelikaduraren artean gabiltza; bizitza osasungarriaren eta gure desioei eta hersturei bidea libre uzteko beharraren artean. Horrek guztiak egoera asaldatu bat dakar, nahasita sentitzen den mahaikidea eta osasun- eta ingurumen-arazo larriak. Nutrizioaren ikuspegi hutsetik harago, egungo gizartearen azelerazioan, bizi-estiloan edo elikadura bezalako gai garrantzitsu batean nagusitzen den informazioaren kaosean aurkituko dugu desoreka horren zergatia”.
Erakusketa-proiektu honek elikadurari buruzko hausnarketa orokorra egiten du. Elikaduraren eta jatearen artean gai ugari txirikordatzen dira, eta beraz, jakintza-alor anitzetatik heldu beharreko esparrua da. Izan ere, hori da artea gaiari heltzeko esparru perfektu gisa postulatzearen arrazoietako bat, ikuspegi zabala, askotarikoa eta zeharkakoa eskaintzen duela.
Ogia eta zirkua erakusketak kontzientzia sortu nahi du elikagaiak duen garrantziaz eta planeta honetan bizi garen izakiontzat eta planetarentzat berarentzat dituen ondorioez; hala, elikadura bere osotasunean birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Hurbiltze horrek azterketa eta gogoeta ditu ardatz, aktibazioari, auzitan jartzeari eta elikadura-eredu berriak bilatzeari ateak irekitzeko lehen urrats gisa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian