Museoen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau berezia antolatu dute Donostiako San Telmo Museoan. Maiatzaren 18an, osteguna, sarrera doakoa izango da, eta ospakizuna asteburura ere iritsiko da, larunbatean eta igandean, maiatzaren 20an eta 21ean, museora sartzea ere dohainik izango baita.
Aurten, Museoen Eguneko gai nagusia Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea izango da, eta museoen zeregina nabarmendu nahi du, praktika iraunkorrak eta pertsonen eta komunitateen ongizatearen hobekuntza sustatzen dituzten erakundeak diren aldetik.
Jarduerei dagokionez, ohi bezala, egitarau berezia prestatu du San Telmo Museoak. Museoen Eguna dela eta, maiatzaren 18an, 20an eta 21ean sarrera doakoa izango da. Maiatzaren 18an, osteguna, museoa ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira, 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz. Bisita horiek doakoak izango dira, baina aldez aurretik museoaren webgunean erreserba egin beharko da.
Egun berean, 19:00etan, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko kantu ikasleek errezitaldia eskainiko dute elizan. Sofia Chaconek, Andrea Floresek (sopranoak) eta Itziar Beitiak (pianoa) hamabi pieza interpretatuko dituzte, museoko bildumen piezekin zerikusia dute denek. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Larunbatean eta igandean, maiatzak 20 eta 21, goizean, elizan zein klaustroan musika emanaldiak eskainiko dituzte Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Gainera, maiatzaren 20an, 19:00etan, dantza emanaldiak izango dira elizan, Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskutik. Hiru dantza mota izango dira: euskal dantza, garaikidea eta dantza klasikoa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian