Urriaren 1ean egingo da Oreretan Gipuzkoako ikastolen aldeko jai handia urte osoko egitarauari amaiera emanez.
Kilometroak 23 azken txanpan sartu da urte osoko egitarauari amaiera emanez. Urriaren 1ean izango da “hitzordurik bereziena” antolatzaileen esanetan, Oreretan egingo den egun osoko jaiarekin. Orereta Ikastolako ikasle, familia eta langileak buru-belarri dabiltza prestaketa-lanetan. Giroa berotze aldera, Jon Maia bertsolariak eta Janus Lester taldeak sortu duten Erriola kantaren bideoklipa aurkeztu dute eta dagoeneko ikusgai dago.
Arena Comunicación ekoiztetxeak grabatutako bideoklipean, Janus Lester taldeko Jokin Pinatxorekin batera, Orereta Ikastolako ikasle, langile, guraso eta aiton-amonak ageri dira Vanesa Castañok sortutako koreografia dantzatzen; Kukai Dantzak ere parte hartu du bideokliperako propio sortutako dantza moldaketarekin.
Aurtengo Kilometroak jaiaren hiru ardatzei -komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza- jarraituz, Oreretako txoko-bazterren eta euskarari lotutako ekimen ugariren irudiak jaso dituzte bideoklipean, iraganeko eta gaur egungo pasarteak tartekatuz.
Azaldu dutenez, “Herriko eta Orereta Ikastolako irudi historikoak Miguel Angel Quintana, Mikel Mendizabal, Karlos Astrain eta Iñaki Nogueiraren laguntza estimagarriari esker eskuratu eta erabili ahal izan dira, eta Papresa enpresaren babesletzari esker osatu ahal izan da bideoklipa”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian