Abesti berria udazkenean argitaratuko duen diskoaren lehen aurrerapena da.
Gorka Suaiak Su Eman ala hartu izeneko diskoa kaleratuko du udazken honetan, aurretik, baina, lan horren lehen aurrerapen kanta aurkeztu du Katua eta sagua izenpean.
Bost urte igaro dira Bilbon bizi den abeslari eta ekoizle Gasteiztarrak bakarlari gisa diskorik argitaratzen ez duela. 2020an Raggamuffin Kamarada plazaratu zuen Suaia eta Ama Rebel taldearekin. Duela bi urte, berriz, Bira Zapatistaren ongietorria zela eta, Ya Vienen/Badatoz kaleratu zuen, Horazz rap abeslari errumaniarrarekin batera. Ordutik hona, Suaia hamaika abestiz osatuta egongo den Su Eman ala Hartu diskoan lanean aritu da. Gaur aurkeztu duen kantan Rlantz (Aiaraldeko Soinu Sistema, Ziztada & Rlantz) reggae-dub ekoizleak ekoitzitako kutsu minimalistako dancehall-reggae estiloa entzun daiteke.
Azaldu duenez, abestiak “garai arraroez, etorkizunik ezaz eta autoritarismoaz hitz egiten du, baina baita elkarlaguntzaz ere, bizi garen beldurraren eta gorrotoaren erreinu honetan aurrera egiteko ezinbestekoa”.
Ibon Larruzeak grabatu, nahastu eta masterizatu du kantua Euridia estudioan, eta bertan grabatu dute abestiarekin batera doan bideoklipa ere.
Suaiak, bestalde, azarotik aurrera agertokietara itzuliko dela iragarri du, Komadü teklatu eta saxo jotzailearekin (Suaia eta Ama Rebel, Bubblin ‘Sound), Ander Teje baxu jotzailearekin (Suaia eta Ama Rebel, Cherry Boppers) eta Xixo Yantani bateria jotzailearekin (Cherry Boppers, The Pushermen) batera osatutako taldearekin.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian