Bertan 21 film labur eta 10 bideoklip ikusteko aukera egongo da hilaren 26ra arte.
Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Huhezinema jaialdiari hasiera emateko. Datorren asteazkenean, hilak 24, abiatuko da 17. edizioa, eta antolatzaileek prest dute jada aurtengo egitaraua: tailerrak, masterclassak, filmak, kontzertuak eta abarrekin zuzenean Aretxabaletan gozatzeko aukera.
Hilaren 26ra arte luzatuko den Euskal Film Laburren jaialdian, 21 film labur eta 10 bideoklipen proiekzioak, sari banaketak, kontzertuak eta hainbat masterclass ikusteko aukera egongo da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bestalde, Jon Elizegiren masterclass-a, ikus-entzunezko fakultateko platoan egingo da. Herriko plazan, berriz, poteoa, Jasan Taldearen kontzertua, lunch-a eta DJ Rosamari izango dira.
Lehen eguneko Ikasle saila aurten “oso berezia” izango dela diote antolatzaileek, “hirugarren urtez, sail hau euskal zinema eskola desberdinetako ikasle guztiei zabalduko diegulako, Huheziko ikasleetatik harago”. Eguna, Paul Urkijo eta Mattin Aierbe adituen Masterclassarekin hasiko da. Arratsaldean, berriz, ikasleen saileko film laburrak ikusi ahalko dira. Azkenik, “asteazkenetan Aretxabaletan pintxo potea egin ohi denez, poteo baten bidez itxiera emango diogu egunari”.
Urtarrilaren 25ean, osteguna, Bideoklip Sailen proiekzioak ikusi ahal izango dira. Arratsaldea Bihotza negar bideokliparen estreinaldiarekin hasiko da. Ondoren, Asier Renteriaren eskutik, masterclassa egongo da bertaratzen direnentzat. Eguna borobiltzeko, Jasan taldea Arkupeko oholtzara igoko da.
Urtarrilaren 26a, ostirala, izango da jaialdiko egun handia. Arratsaldean ekingo diote egitarauari, sail ofizialaren proiekzioarekin. “Emanaldia sail ofizialerako hautatuak izan diren 10 film laburren emanaldiarekin hasiko dugu, hiru zatitan banatuta, eta tartean bi atsedenaldi eginez. Finalera iristea lortu duten film horien zuzendari gehienak bertan izango dira euren lanak aurkezten. Proiekzioak amaitzean, arratsaldeko 19:30ean, sari banaketa egingo dugu; bertan elkartuko gara jaialdira bertaratutako guztiok. Ekitaldia borobiltzeko, luncha egongo da. Jaialdiari festa giroan emango diogu amaiera, horretarako DJ Rosamari izango da Arkupen bertan.
Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira, eta jaialdian zehar, bidelagun izango dituzte Albina Sturdust, Kepa Errasti, Ane Urresti eta Iker Mateo aurkezle lanetan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian