Martxoaren 23an, Tolosako Amarotzen, 12:00etan, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak jasoko du aurtengo Urrezko Kalabaza saria.
Ordizia eta Tolosa zutabe nagusi izango dituen Ahoz Aho jaialdia Otsailaren 15etik martxoaren 27ra bitartean egingo da aurten. Gune nagusiak bi herri hauek izango diren arren, Gipuzkoako 20 herri baino gehiagotara zabalduko da Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdi hau: Arrasate, Segura, Hernani eta Aramaio dira horietako batzuk.
Denetara nazioarteko 25 artista baino gehiagoren 50 ikuskizun eskainiko dira hamazazpigarren edizio honetan. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, “aurten ere oso pozik gaude Ahoz Aho programa ospatuko dugulako. Elkarlanean programa zabala antolatu dugu, eta gurean izango ditugu Euskal Herriko zein atzerriko puntako ipuin kontalariak. Euskal kulturaz eta atzerrikoaz gozatzeko aukera izango dugu honela. Ipuinen bidez emozio eta sentimenduak azaleratuko ditugu aurten ere”.
Gainera, XII. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa ere egingo dute. “Oso lehiaketa ederra da. Edonork parte har dezake, profesionala izan edo ez, eta zortzi minutuko istorio, ipuin… bat kontatu beharko dute partehartzaileek. Sailkapen Saioa otsailaren 17an, larunbata, egingo dugu D´elikatuzen, eta final handia, Ahozkotasunaren Gala Nagusia, martxoaren 22an izango da, Barrenan”. Bertan parte hartzeko deia egin dute, intujai@gmail.com helbidearen bidez izena emanda. Epaimahaiak eta publikoak erabakiko dute zeintzuk izango diren aurtengo irabazleak. Lehen sailkatuak 300 euro eskuratuko ditu, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak.
Martxoaren 23an, bestalde, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak aurtengo Urrezko Kalabaza saria jasoko du Tolosako Amarotzen. “Bere filmetan euskal iruditeria modu bikainean eta arrakastatsuan islatzen jakin izan du, euskal ipuin tradizionalen mundu magikoa publiko zabalera ezagutaraziz, Euskal Herrian zein nazioartean. Hori guztia euskaraz egin du”, nabarmendu du antolakuntzak”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian