Zazpigarren lana du musikari eta idazleak. Martxoaren 16an diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean.
Giza zarata izeneko diskoa aurkeztu du Anari Alberdik Bilboko Kafe Antzokian. Azkoitiarraren zazpigarren lan luzea dugu hau eta hamar kanturekin osatu du. Troiako zaldia aurrerapen kanta izan zen entzuleei lan berri honetatik aurkeztu zien lehena.
Kanten hitzei dagokienez, gaur egungo gizarte kontuez hitz egiten du azkoitiarrak eta azaldu duenez, duela 27 urte kaleratu zuen lehen diskora hurbildu da. “Nire kantuak intimitatetik eta melankoliatik garatu ditut orain arte, baina orain egon da horrelako kolokatze bat, nire izaeraren eta idatzi ditudan abestien artean; saiatu izan naiz nire barne mundua abestien bidez ateratzen”.
Abesti guztiak Anarik berak konposatu eta idatzi ditu, Raymond Carver-en testua izan ezik. Azken hau moldatua da.
Lan berri honetarako aspalditik lagun dituen musikariak izan ditu alboan musikariak: Xabier Olazabal (baxua), Mikel Txopeitia (bateria eta perkusioak) eta Joaquin Pascual (teklatua, pianoa eta gitarra). Vesna Vulovic kantaren kasuan Paco Locok ere hartu du parte.
Cadizeko Puerto Santa Mariako Paco Loco estudioan grabatu du diskoa musikariak, aurtengo urtarrilean. Anarik berak eta Joaquin Pacualek elkarlanean moldaketak egin eta ekoitzi dute eta Paco Loco grabazioaz arduratu da. Nahasketak Martxel Arkarazok egin ditu eta masterizazioa Martxel Arkarazok eta Kaki Arkarazok Garate estudioan.
Martxoaren 16an, larunbata, aurkeztuko du diskoa oholtza gainean, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Muare taldearekin batera. Martxoaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian izango da musikaria, eta hilaren 22an Gernikako Lekuek jaialdian. Apirilaren 11n, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko du zuzenekoa, hilaren 20an Atarrabiako Totem aretoan, eta 21ean Hendaiako Mendi Zolan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian