Txupinera aukeratzeko, azken urte hauetan txupinerarik izan ez duten konpartsen artean egiten da zozketa. Pregoilaria, berriz, Jai Batzorde Mistoak aukeratzen du.
Bilboko Jai Batzordeak ezagutzera eman ditu aurtengo Aste Nagusiko txupinera eta pregoilariaren izenak. Zorrotza auzoko Txinbotarrak konpartsako kide Nagore Ugarte izango da txupinera eta Aste Nagusiaren hasiera markatzen duen suziriari, sua emateko ohorea izango du. Ugarte irakaslea eta mendizalea da. Familia eta lagunak dira bere lehentasunak, “eurekin ahal beste denbora pasatzen eta disfrutatzen dutenetarikoa naiz, betiko geratzen diren momentuez gozatzen”, kontatu du.
Zorrotza auzoko konpartsa jaio zenetik da bertako kide Ugarte, “txandak egiten, txosna muntatzen, panela margotzen, bazkariak prestatzen… Danean egoten saiatzen naiz”. Aste Nagusian gehien gustatzen zaiona bazkalostean mahai-inguruan luzatzen diren tertuliak dira. “Konpartsan familia bat osatu dugu eta ohorea izango da txinbotxupinera izatea”.
Itziar Ituño aktorea, bere aldetik, aurtengo pregoilaria izango da. Bere hitzetan, “basauriar erdi nafarra naiz, taula gainean bere saltsan dagoen lotsatia, hortaz, kontraesankorra muin-muinean”. Gorria eta morea ditu gustuko, musikaz gozatzea, dantzatzea eta abestea, eta katuak maite ditu. “Guraso langileek hazi eta hezia, aktore gisa ezagutuko nauzue beharbada, baina beste gauza asko ere banaiz”, nabarmendu du.
Ikasketaz soziologoa da Ituño, eta soziologia urbano-industrialean eta politikoan espezializatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina berak esan bezala, aktore moduan ezaguna da, ibilbide emankor eta arrakastatsua izan baitu Basauriko Antzerki Eskolan “lotsa kentzeko” ibili zen garaietatik hona.
Txupinera eta pregoilariaren aukeraketa
Txupinera aukeratzeko, azken urte hauetan txupinerarik izan ez duten konpartsen artean egiten da zozketa. Konpartsa horrek, ondoren, emakume bat aukeratzen du bere baitan, rol hori joka dezan. Pregoilaria, berriz, Jai Batzorde Mistoak aukeratzen du.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian