Euskaraz sortutako kultura garaikidea, besteak beste, musika, literatura, dantza, antzerkia, bertso, performance eta gastronomiaren arlokoa, iruindarrei hurbiltzeko asmoz Iruñaldia jaialdia abiatuko da gaur, Alde zaharrean.
Hilaren 23ra arte, udazken bete-betean, Iruñaldiak lehenbiziko urratsak emango ditu, hogei sortzaile baino gehiagoren eskutik, bederatzi gunetan, eta kultura-eragile andanaren parte-hartzearekin.
Jaialdiari hasiera emateko, Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak eta Juan Luis Mitxelena Petti musikariak argitaratu berri duten Frankestein agurgarria disko-liburua aurkeztuko dute gaur arratsaldeko 19.00etan, Elkar liburu-dendan. Lana Victor Frankensteini idatzitako gutun musikatu bat da. Hain zuzen, egileek tripak atera dizkiote Mary Shelleyk idatzitako liburuari, eta hark egindako galderak berritu dituzte: “Non daude zientziaren eta teknologiaren mugak? Nor da sorkariaren ekintza zitalen erantzulea? Zerk bultzatzen ditu gizakiak eta izakiak gaiztakeriara? Eta, batez ere, nor da munstroa?”. Hitzak eta kantuak txirikordatzen dituen errezitaldi baten bidez erantzungo diete galdera horiei.
Ondoren, 20.30ean, Iruñaldiaren inaugurazio-ekitaldia izango da Udal plazan. Duguna Iruñeko Dantzariak Taldearen 75. urteurrenarekin bat eginez, dantza, musika eta bertsolaritza uztartuko dituen emanaldia taularatuko dute. Dugunaren dantzarekin batera, Broken Brothers Brass Bandek erritmoa jarriko du eta Sustrai Colinak eta Sarai Roblesek bertsoak. Hiru diziplina bat eginez, bide berritzaileak zabaldu nahian.
Datozen egunetan, berriz, Pabellon 6 Gazte Konpainia, Angel Erro, Maria Oses, Idoia, Maialen Lujanbio, Kukai Dantza, Lide Hernando, Maialen Errotabehere, Nerea Erbiti, Patxo Telleria, Maider Lopez, Adrian Garcia de los Ojos, Mikel Inun, Sergio Mayoral eta Baztango Xurie Upategia izango dira jaialdian.
Ekintza guztietarako, sarrera librea dutenentzako ere, tiketak atera beharko dira hurrengo estekaren bitartez: https://www.loraldia.eus/plaza/irunaldia/.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian