Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek ordubeteko 15 saio izango dituzte talde bakoitzeko, 2025eko ekainera arte.
Bertsolaritza Irakaskuntzan programaren edizio berri bat abiatu du Iruñeko Udalak 2024-2025 ikasturterako. Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratuko da programaz, 44.278,40 euroren truke. Horrela, Udalak babesten jarraituko du dagoeneko finkatuta dagoen eta duela hogeita hamar urte baino gehiagotik D eredua eskaintzen duten Iruñeko ikastetxe publikoen hezkuntza-eskaintza osatzen duen programa hori.
Denera bederatzi ikastetxe publikotako 35 taldek parte hartuko dute aurtengo programan: Hegoalde Ikastola HLHIP, Bernart Etxepare IP, San Francisco HLHIP, Buztintxuri IP, Sanduzelai, Patxi Larrainzar HLHIP, CEIP Mendigoiti HLHIP, Elorri eta Amaiur Ikastola HLHIP.
“D eredua eskaintzen duten eta parte hartzeko eskaera egiten duten Iruñeko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako talde guztiek eskola-programa osoa jasoko dutela bermatzea da helburua: 15 eskola-ordu taldeko, ordubeteko 15 saiotan banatuta”, zehaztu dute.
Lehen mailako baliabide didaktikoa
Udalaren arabera, “bertsolaritza lehen mailako baliabide didaktikoa da hizkuntzaren erabilera testuinguru ez-formaletan sustatzeari begira, eta hezkuntza-sistemaren curriculum ofizialaren jarduera osagarri gisa taxutzen da, ikasle horien ikaskuntzari beste balio bat erantsiz.
Hitzekin eta ideiekin jolastuz bertsoak inprobisatzeko jarduerak hizkuntzaren erabilera sustatzen du, testuinguru ludiko batean betiere, eta ikasleen buru-trebetasuna indartzen du”.
Hala, saioak bertsolaritzaren oinarrizko nozioak ikastera bideratzen dira (historia, doinuak, metrika, errimak…), eta teknikaren irakaskuntzan jartzen da azpimarra, jolasen eta ariketen bidez. “Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian