41. edizioan bederatzi film proiektatuko dira, horien artean daude, besteak beste, Marco, Soy Nevenka eta Azken erromantikoak.
Gasteizko Zinemastearen iazko edizioak iraultza ekarri zuen dagoeneko finkatuta zegoen Euskal Zinemaren Astera, eta aldaketa horiek geratzeko heldu ziren, hala nola jatorrizko izena berreskuratzea, film luzeak baino ez ematea eta jaialdiaren iraupena luzatzea. Oraingoan, urtarrilera aurreratu da hitzordua. Hala, 41. edizioa urtarrilaren 24tik 31ra izango da. Emanaldiak, ohi bezala, Vital Fundazioa Kulturunean izango dira. Amaiera ekitaldia eta sari banaketa, berriz, Europa Jauregian egingo dira otsailaren 1ean.
Oraingoan bederatzi film proiektatuko dira, egunean bat (19:30ean), larunbatean, urtarrilaren 25ean, izan ezik, saio bikoitza izango baita (16:45ean eta 19:30ean). Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko bonuak eta eguneko sarrerak salgai daude jada www.zinemastea.eus webgunean, Kordoi Etxean eta jaialdiaren leihatilan, emanaldiaren egunean bertan, oraindik salgai baleude.
Programan, besteak beste, La infiltrada, Marco eta Soy Nevenka filmak nabarmendu ditu antolakuntzak, eta, guztira, Goya sarietarako izendatuta izan diren 22 film ekarri dituzte, baita Donostia, Venezia, Sitges nahiz Malagako jaialdietarako eta Forque nahiz Feroz sarietarako izendatutako beste horrenbeste film ere. Gainera, Zinemasteari esker Deviant, Una ballena eta Daniela forever filmak, esaterako, Araban lehendabiziko aldiz emango dira.
Aurtengo berrikuntzen artean, Vital Fundazioak www.zinemastea.eus webgune ofiziala estreinatuko du. Webgune honetan, zinemaldiari buruzko informazio guztia argitaratuko da, hala nola filmak, fitxa teknikoak, sariak, epaimahaia, historia, albisteak eta sarreren eta bonuen salmenta. Sari berri bat ere badakar aurtengo edizioak, Zinemastea Sari Berezia. Sari honen bidez, Fundazioak urtero sarituko ditu euskal zinemaren ekoizpenari laguntzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakundeak nahiz eragileak. Gainera, amaiera ekitaldian Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria emango da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian