Instalazioa inauguratzeko, musikari bizkaitarrak zuzeneko emanaldia eskainiko du eskailera nagusian gaur, 19:00etan.
Garazi Navas akordeoi jotzaileak (Usansolo, 1995) Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza izeneko soinu-instalazioa aurkeztuko du gaur, Donostiako Tabakalerako Scala proiektuaren barruan. John Donneren (1572-1631) Death be not proud olerkian oinarritutako instalazio honek bere akordeoiaren soinu-hedadura bihurtzen du Tabakalerako eskailera nagusia. Soinuek gora eta behera egiten dute bisitarien pausoekin, zentzumen-esperientzia berri bati bide emateko.
Eskailera kontenplaziorako gune bihurtzen da. Horretarako, Navasek entzumena zorroztu eta nola begiratu aukeratzera gonbidatzen du publikoa: begirada artearen alderdi transzendentalera goratzera edo eguneroko bizitzaren iragankortasunera zuzentzera. Begiradaren eraldaketa-prozesuan gelditu eta prozesua bizitzeko gonbita da. Pertzepzioa aldatu egiten da une bakoitzean, eta errealitatea berrinterpretatzeko aukera ematen du, ohikotik apartekora eta alderantziz. Esanahien joko horretan, Navasen arabera, “itzulgarria ez den aldaketa bakarra bezala agertzen da heriotza, baina begiradak desafio egiten dio haren transzendentziari, heriotza bera hilko delako”.
Gainera, proposamenak eskailera ondoan ikusgai dauden faksimileak, partiturak eta liburuak biltzen ditu, proiektuan zeharreko nabigazioa eta ulermena areagotu eta errazteko. Obra eraikina zabalik dagoen ordutegian aktibatuko da, eta gaurtik abuztuaren 17ra arte entzun ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian. Grabazioa, nahasketa eta masterizazioa Juanan Rosek egin ditu.
2021etik, Scala proiektuak, besteak beste, Niño de Elche, Maialen Lujanbio eta Carlos Casas artisten proposamenak jaso ditu, soinuaren eta arkitekturaren arteko interakzioak ikertu dituztenak. Navasen instalazioa proiektu honetako hamabigarrena da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian