Aitor Azurkik eta Aitzol Arroyok 1936an Gipuzkoan izandako lehen boluntarioen gaineko liburua kaleratuko dute 2026ko irailean, gerraren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez. Lana osatzeko herritarrei deia egin diete pasarte horri buruzko informazioa eman dezaten.
Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak Boluntario internazionalistak, Gipuzkoan proiektua aurkeztu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Biek dute ibilbide luzea memoria historikoaren lanketan eta, oraingo honetan, ahanzturan murgildutako ehundik gora gizon eta emakume Internazionalista ekarri nahi izan dituzte gogora. Zehazki, Frantzia, Belgika, Polonia, Italia, Austria, Suitza, Alemania edota Errusiako atzerritarrak izan ziren Gipuzkoan, lehen lerroan. Azaldu dutenez, “1936ko udan etorri ziren Gipuzkoara askatasuna, antifaxismoa eta demokrazia defendatzeko. Hori nahikoa ez, eta askok euskal borroketan eman zuten azken hatsa. Hemen ditugu lurperatuta, euren bizitza-istorioak bezala”.
Donostian aurkeztutako egitasmoa, ekimen zabalago baten lehen pausua dela adierazi dute. 2026ko irailean kaleratuko duten ikerketa-liburuaren ernamuina, “guztiei merezitako duintasuna eta oroimena zor diegu, eta hori du helburu argitaratuko dugun liburuak. Memoria hau hasi besterik ez da egin”.
Gaia gaur egun ere ezezaguna dela diote ikerlariek eta informazio baliotsu asko bildu duten arren, dei egin diete herritarrei pasarte horri buruzko informazioa eman dezaten.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian