Euskal Herriko zenbait leku enblematikotan egindako ekintzen helburua euskaldunen artean euskararen erabilerari buruzko kontzientzia zabaltzea izan da.
Taupa euskaltzaleen mugimenduak ekintza komunikatiboa burutu du Euskal Herriko lau hiriburutan. Euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra azpimarratu du eta herritarrak Taupan saretzeko deia egin du. Azaldu duenez, Euskal Herriko zenbait leku enblematikotan egindako ekintzen helburua euskaldunen artean euskararen erabilerari buruzko kontzientzia zabaltzea izan da. Horretarako, bide hau elkarrekin egitea proposatzen dugu: euskaraz bizitzea errazagoa eta erosoagoa izateko baldintzak guztion artean eraikitzea”.
Lelo eta ekintza nagusiak:
Gasteizen Euskararen bidean bakarrik utziko nauzue? mezua zabaldu dute; Iruñean, berriz, Nafarroako Museoaren aurrean, Hemen gordetzen da euskara, ez erabili! aldarrikatu dute, jarrera pasiboak salatzeko tonu ironikoan; Miarritzen Euskara: gutiago maita, gehiago obra! leloak erabileraren aktibazioa azpimarratu dute; eta Bilbon Txakurrari euskaraz eta lagunari ez? pankartarekin, hurbilekoen arteko hizkuntza-ohituretan eragiteko beharra azpimarratu dute.
Bilboko ekintzarekin amaitzeko, gainera, Taupako kideek adierazi dutenez, “euskaltzaleen mugimenduak euskararen erabilera erdigunean jarri du ekintza honekin. Izan ere, hau ez doa ongi”.
Joan den martxoaren 28an, Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan, euskararen egoeraren larritasunaz adierazpen bateratua plazaratu zuten eta euskarari arnas berria eman beharra azpimarratu. “Gaurkoan, besteak beste, azpimarratu nahi dugu urteak daramatzagula geldialdi egoeran, datu soziolinguistikoen argitan, ez aurrera ez atzera. Hainbat eremutan galera prozesuak indarrean jarraitzen dutela eta lurralde eta eremu askotan, euskaldunok ez daukagula euskaraz bizitzeko baldintza duinik bermatuta oraindi”.
Gaur egungo fenomeno globalek hizkuntza minorizatu batean bizitzea gero eta zailagoa egiten dutela nabarmendu dute, “baina era berean, inoizko baldintzarik onenak ditugu, eta aurrera egiten ez duenak, atzera egiten duenez, bertan goxo gelditzerik ez daukagu”.
Tauparen arabera, “egindakoa asko da, baina ez da nahikoa”. Testuinguru aldakor honetan, “ezinbestekoa da antolatzeko moduak berrasmatzea: gaur egungo gizartean, gizarte likidoaren testuinguruan, egiturak desegiten ari dira eta indibidualizazioa nagusitzen da. Horrek zaildu egiten du elkarrekin antolatzea eta eragitea. Horregatik, ezinbestekoa da komunitatea berreskuratzea, saretzea eta herri proiektu ilusionagarri batean elkarrekin aktibatu eta eragitea. Asko dugu egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horren adibide batzuk dira: EHEk apirilaren 6an Baionan egindako mobilizazioa, maiatzaren 15ean abiatuko den Euskaraldia eta abenduaren 27an Kontseiluak euskarari arnasa berri bat emateko egingo duen ekitaldia”.
Lan jarraia ezinbestekotzat jo du mugimenduak, “badakigu euskaraz bizi nahi izateak korrontearen kontra aritzea dakarrela, eta hizkuntza erabiltzeko baldintzak ez direla egokiak. Baina aukerak badaude, eta horiek baliatzen asmatu behar dugu. Oztopoak oztopo, euskarazko territorio libreak eraikitzea da proposamena. Euskaraz mintzatzeko ez diogu inori baimenik eskatu behar. Hiztun moduan ahalduntzea gure erabakia da, eta Taupan saretuta, elkarrekin, bide hori errazagoa izango da”.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian