Argazkia: Iaz hautatutako ‘Txiki Keixeta’ proiektua
Fagus Alkiza interpretazio zentroak Sormen Kabia izeneko artistentzako egonaldia antolatu du Alkizan bertan. Bigarren deialdi honek joan den urtekoak bezala, kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, esperimentatzeko eta difusiorako gune bat izatea du helburu eta artearen sorkuntza gizarteratzeko eta sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko tresna izan nahi du Gipuzkoa osorako.
Egitasmoak, Gipuzkoako landa-ingurunean egiten den jarduera aintzakotzat hartu eta lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzeko lagungarria izan nahi du. Alkizara doazen artistek, “gure arbasoek bioaniztasunaren kontserbazioan izan duten eta duten garrantziaz jabetzeko aukera paregabea izango dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Sortzaileen eta herritarren artean elkarlana eta sinergiak sortzeko aukera eskainiko du Sormenaren Kabiak. Hala, proiektuan parte hartzen duten artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin harremanak izateko aukera emango zaie eta baita prozesuak gauzatzeko espazioak, ahokularitza artistikoa eta babes ekonomikoa ere.
Egitasmoak irailetik azarora bitartean, bi aste Alkizan igarotzeko aukera eskainiko die Euskal Herriko eta mundu osoko artista hauei. Hamabost eguneko egonaldia izango dute Lete landetxeko apartamentuetan, eta beka dieta bat mantenurako. Lanerako egokitutako guneak egongo dira, eta, nahi izanez gero, Koldobika Jauregi eskultore ospetsuaren aholkularitza jasoko luke hautatutako pertsonak proiektua garatzeko.
Deialdi honetan parte hartzeko, nahikoa da adinez nagusia izatea, hasi berria nahiz eskarmentu handikoa izan eta proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izatea: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura…
Izena emateko epea zabalik dago jada ekainaren 30era arte. Posta bidez edo eskura egin daiteke.
Informazio guztia hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian