Laugarren edizio honek izaera propioa eta euskalduna izatea aldarrikatuko du. Hala, euskaraz abestutako heavy metala izango da protagonista.
Larunbatean, maiatzaren 17an, Burdina Astintzen jaialdiak hartuko du Donostiako Larratxo Kultur Etxea. Heavy metala euskaraz jorratzen duten hiru talde ariko dira zuzenean: Asgarth, Elbereth eta Izan Bai.
Herriko Burdina da antolatzailea, 2002tik Euskal Herriko heavy metala babestea eta bultzatzea helburu duen ataria. Burdina Astintzen jaialdia, berriz, 2004an egin zen aurreneko aldiz. Bigarrena 2005ean eta hirugarrena 2010ean. Beraz, hamabost urteren ondoren, bueltan da.
Laugarren edizioak izaera propioa eta euskalduna izatea aldarrikatuko du. Hala, euskaraz abestutako heavy metala izango da protagonista.
Añorgako Asgarth da oholtzara igoko den taldeetako bat. Zuzeneko lehen diskoa kaleratu eta lehen bi diskoak berrargitaratu ditu. Izan ere, 25 urte bete dira Ekaitza abestiari esker ezagun egin zirela. Jainkoen egoitza lehen lanaren urteurrena ospatu ondoren, Etorkizunaren sustraia bigarren diskoaren txanda da. Lan honek ere 25 urte bete ditu aurten.
Legazpiko Elbereth metal banda, bere aldetik, Omen bosgarren diskoaren aurkezpen kontzertuen biran murgilduta dago. “Orain arteko lanik helduena plazaratu dute gipuzkoarrek, eta hasieratik gaur egunera arte izan duten eboluzio etengabea islatzen du. Heavy klasikoa jorratzen hasi ziren, eta urtez urte muturrera egin zuten groove metal doinuetan egonkortu arte”, adierazi dute antolatzaileek.
Azkenik, Usurbilgo Izan Bai taldea arituko da jaialdian. Ixak Arruti musikariaren abentura berria da. “Heavy metal eta hard rock sustraietara itzuli da, urtetan Mendeku Itxua bandako gidaria izan ondoren. Hurbileko musikari eta lagun onekin osatu du laukotea”. Urtarrilaren 31n Dena galdu baino lehen estreinako diskoa argitaratu zuten.
Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian