Kartela Natalia Lisinicchia artistaren lana da eta “maitatzeko beste modu batzuk posible” direla iradokitzen du. Bilboko jaialdiaren 22. edizioa ekainaren 23tik 30era bitartean izango da.
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren ildo nagusiak eta irudia aurkeztu ditu gaur. Ekainaren 23tik 30era jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu programazio zabal baten bidez, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak barne.
Edizio berri honetan, “arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei”, nabarmendu du Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar direla dio Arenzanak, ·”gure gizarteak zeharkatzen dituen zapalkuntza-sistemei aurre egitea eta gainditzea bilatzen duten espazioak aldarrikatu nahi ditugu, heteronormatibitatea, patriarkatua, kolonialismoa edo kapazitismoa, besteak beste”.
Ideia horiek jaialdiaren programazioan islatuko dira, baita Natalia Lisinicchia artistak edizio honetarako sortu duen kartelean ere. Irudian, Berlinen bizi den ilustratzaileak, maitatzeko, komunitatea sortzeko edo hazteko beste modu batzuk eraikitzea posible dela aldarrikatu nahi izan du: “Beharbada, familia-eredu berriak sortu behar ditugu, eta ez kontuan hartu bakarrik odol-ahaidetasuna, baizik eta maite ditugun pertsonak saretuko dituzten ereduak ere”.
Lisinicchiaren estiloa ikus daiteke kartelean, serigrafiaren eragin handia duena: “Handik nator, masa solidoekin, kolore lauekin eta formen sintesi sendoarekin. Oso pozik nago emaitzarekin eta aukeratutako kolore-paletarekin. Proiektu honek lengoaiari dagokionez artista bezala ondu egin nauela sentitzen dut, eta hemendik aniztasun etnikoa modu kontzienteago batean islatzen duen bilduma berri bat sortuko da”.
Artistak ilusioz gainezka agertu da Zinegoak 2025 jaialdiaren kartela egiteko aukerarekin, “lehenik eta behin, queer izateagatik eta queer zinema-jaialdi batean parte hartu ahal izateagatik. Era berean, artista gisa, magikoa da norbaitek zure zerbitzuak kontratatzen dituenean eta zu zeu izatea besterik bilatzen ez duenean. Eta azkenik, Euskal Herriaz maiteminduta nago, eta asko miresten dut arteari eta kulturari eskaintzen diozuen guztia”, adierazi du.
Lisinicchia Bilbon izango da Zinegoak 2025en irudia oinarri hartuta horma-irudi bat egiteko.
Ekainaren 23tik 30era
Jaialdia ekainaren 23tik 30era egingo da Bilboko hainbat areto eta espaziotan: Alondegia, Bilborock, Golem Alhondiga, Guggenheim, BilbaoArte, Hikateneo, Sarean, La Sinsorga eta Bira Kulturgunean, besteak beste. Ekainaren 23an, astelehena, irekiera ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, baina aurreko asteburuan hainbat jarduera osagarri egingo dira 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaren baitan: antzerkia, kontzertuak, performanceak, aurkezpenak, proiekzioak eta hainbat sorpresa.
Jaialdian, bestalde, film luzeak, film laburren hainbat ziklo, euskal ekoizpenak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazioarteko zinemagileen bisitak, eztabaidarako eta hausnarketarako guneak eta abar izango dira aurtengoan ere.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian