Laukoak gorrotoaren aurkako aldarria, bizitzaren aldeko oihua, eta justizia eske altxatu du ahotsa kanta berri honetan.
Agertokietatik kanpo egon ondoren, Sua talde bizkaitarra bueltan da eta hirugarren lan luzea izango denaren aurrerapen kanta plazaratu du Sutea izenpean.
Laukoak azaldu duenez, lan berriak bilduko dituen “abesti guztiek interpretazio desberdinak egiteko bidea duten arren, Sutea abestiaren kasuan, mezu argia eta zuzena du. Oraingoan, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko erabili dugu musika”.
Aurrerapen kanta honekin, kulturak eta musikak duen hedatze aukera hori aprobetxatu nahi dute, eguneroko sufrimendua, isilarazitako minak eta sarraskiari uko egiteko.
Musikaren bidez elkartasuna, salaketa eta memoria jorratu dute. Izan ere, taldeak ez du isilik geratu nahi izan, ezta beste alde batera begiratu ere. “Gorrotoaren aurkako aldarria, bizitzaren aldeko oihua, eta justizia eske” altxatu dute ahotsa.
Sutea Tio Pete estudioan grabatu dute Jose Lastrarekin eta Jon Badiolak ekoiztu du. Bideokliparen egileak oraingoan, Ximon Agirre eta Iker Gozategi izan dira.
Sua taldea
Jataben jaio zen Sua taldea 2018an eta handik eta urtebetera Gaztea Maketa lehiaketa saria irabazi zuen. 2020an, berriz, Ordu Beltzak izeneko diskoa (Airaka) kaleratu zuten taldekideek eta, urte bereko azaroaren 26an Gaztea Saria irabazi zuten.
Duela hiru urte, 2022an, kaleratu zuten bigarren lan luzea Gorde genituen beldurrak izenpean, oraingoan ere, Airaka diskoetxearen eskutik.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian