Jaialdiaren bederatzigarren edizioan kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.
Glad is the Day jaialdia itzuliko dela iragarri du Donostia Kulturak. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskyk koordinatzen duten ekimen hau 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta denbora gutxian erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostiako udan.
Bederatzigarren edizioa abuztuaren 3rako antolatu dute, eta, besteak beste, 15 talde eta artista igoko dira oholtzara. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.
Etenik gabeko bederatzi orduko programazioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek, “azokan zein musikan, tokiko izaera eta talentua proposamen harrigarri eta nortasunez betetakoekin konbinatzen dituena. Rap, reggae, pop, punk eta rock estiloak, besteak beste, izango dira beti bezain dibertigarria eta anitza izango den Agertoki Nagusian. Hondamen Sonikoan, berriz, dantza ziurtatuko duten trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak izango dira. Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban Dj gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.
Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postu izango dira. Hala nola, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak.
Berrikuntza gisa, aurten, haurrentzako jarduerak egingo dira Tabakaleraren kanpoaldeko Andre zigarrogileen plazan. Hala, jaialdia parketik kanpo hedatuko da.
Musika programa
Zazpi talde igoko dira Eszenatoki Nagusira. “Kartela koloretsua bezain bizi-bizia da”, diote antolatzaileek: “Herrialde Katalanetako Hidrogenesseren pop elektroniko kontzeptuala, Sistema de Entretenimientoren arcade punk frenetikoa, Pinpilinpussiesen garage-pop postpunka, Argentinako Fin del Mundoren indie shoegazea, Tolosako Miruaren pop esperimentala, Peachy Jokeren rock energia eta OEPren izaera festazalea”.
Talde horiez gain, klubarekin eta soinu elektronikoenekin lotutako zortzi emanaldi izango dira Hondamen Sonikoan dantza pizteko: Linapary, Simona, Scientist, Miravalles, Infanta, Tronis, Puñales B2B LaMia Mari eta Putas Amak izango dira pista energia anitz eta geldiezinez beteko duten erritmoen lemazainak.

Gladys del Estal
Glad is the Day hitz-joko bat da eta Gladys del Estal militante ekologista omentzeko eguna da, donostiar askoren parke gogokoena den hori ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu zen. Helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, ez alderantziz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian