Besteak beste, belaunaldi berriei euskaraz sortzeko pizgarri eta eredu izatea du helburu egitasmoak.
Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu euskal komunikazio-agentziak lehen aldiz elkartu ziren ostiralean, Markalariak izenarekin aurkeztutako jardunaldian, eta Euskal Herriko komunikazio-agentzien artean topagune bat sortzeko helburuarekin. Ekitaldia sektoreko profesionalen arteko ezagutza partekatzeko, lankidetza bultzatzeko eta komunikazioaren erronka berriei elkarlanean erantzuteko espazio inspiratzaile eta kolaboratiboa izan zen.
Hala, Markalariak euskaraz lan egiten duten komunikazio-agentziak biltzen dituen komunitatea da, eta gizarteari komunikazioaren balio estrategikoa eta sektorearen gaitasuna eskaintzea du helburu, egiteko modu onak azalduz eta aitortza sustatuz. Horretaz gain, ezagutza elkarbanatzeko eta harrotasun profesionala lantzeko topagune inspiratzailea sortzea da asmoa, bai eta talentua erakartzea eta belaunaldi berriei euskaraz sortzeko pizgarri eta eredu izatea eta euskal komunitatetik sortzen diren komunikazio joeren bozgorailu izatea ere.
Jardunaldiaren eduki nagusiak
Topaketa Iratxe Reparazen hitzaldiarekin abiatu zen. Bertan, bere inspirazio iturriez eta proiektuez aritu zen, eta parte-hartzaileentzako hausnarketarako abiapuntu izan zen. Ondoren, mahai-inguruetan sektorearen oraina eta etorkizuna jorratu ziren: ideiak partekatu ziren, lankidetza-aukerak aztertu eta inteligentzia artifizialaren erronkei buruzko iritziak elkarbanatu ziren. Halaber, talentuaren erakarpena eta euskararen erabileraren sustapena izan ziren ardatz nagusietako batzuk.
Etorkizunari begira, Markalariak komunitateak sektorean euskaraz lan egiten duten enpresa gehiago biltzea du helburu, sektorearen beharrei modu zabal eta eraginkorrean erantzun ahal izateko.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian