Esperientziak partekatzea, ikasturtearen balorazioa egitea eta Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarea sendotzea dira Etxepare Euskal Institutuak antolatzen duen topaketaren helburu nagusiak.
Munduko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleek hitzordua izango dute bihar, uztailak 11, Donostiako Tabakaleran, Etxepare Euskal Institutuaren Irakurleen VIII. Topaketan. Hamar herrialdetatik etorritako hamahiru irakaslek hartuko dute parte eta proiektuak partekatzea, ikasturtearen balorazioa egitea eta nazioarteko testuinguruetan euskara irakasteak dakartzan erronkez hausnartzea da euren asmoa.
Edinburgo, Berlin, Santa Barbara, Helsinki, Paris, Habana, La Plata, Chicago, Brno, Praga, Bolonia, Venezia eta Varsovia hirietako unibertsitateetan lanean aritu dira irakasleok ikasturtean zehar, eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen unibertsitate sareko kide dira. Sare honek gaur egun 35 unibertsitate biltzen ditu mundu osoan, eta guztira 29 irakurlek dihardute euskara eta euskal kultura irakasten.
Topaketak, eztabaida-saioez eta esperientzien trukerako tarteez gain, bideo-sorkuntzari buruzko prestakuntza praktikoa eskainiko du, Beñat Flores adituaren eskutik. Helburua da irakurleek euskararen irakaskuntza eta zabalkunderako baliabide berritzaileak eskuratzea.
Halaber, topaketan parte hartuko dute Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak; Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Monika Madinabeitiak; eta irakurletza sarearen arduradun diren Eneko Agirre eta Amaia Goikoetxea teknikariek.
Irakurleen VIII. Topaketak unibertsitate sarea sendotu eta irakasleen gaitasunak eguneratzea helburu dituen hiru eguneko prestakuntza-programari emango dio amaiera. Programa honen baitan, irakurleek Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen testuinguruan antolatutako Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XV ikastaroan hartu zuten parte atzo, eta gaur baliabide digitalen erabilerari buruzko saio praktiko batean arituko dira, batez ere jokoetan oinarrituta, gelako jardueretarako baliagarriak izan daitezkeen ariketak identifikatu eta lantzeko asmoz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian