Euskaldunon komunitatea indartzea helburu, eskaintza zabala dakarte AEKren mintzapraktika-programek, euskaraz aritu nahi duenak hainbat aukera izan ditzan.
Ikasturte berri honetan, AEK-ren praktikatu zerbitzuak Euskara zu zara kanpainari jarraipena emango dio Koldo Mattin Agirregomezkorta zerbitzuko kidea da eta adierazi duenez, “norbanakoek euskaldunon komunitatea osatzeko duten garrantzia azpimarratzen jarraitu nahi dugu, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina: egunero hizkuntzan trebatzen garen, praktikatzen dugun eta euskaraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osatzen dugu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dugunean, euskara gara denok. Horregatik, mintzapraktika-programetan ez dago ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo… Taldeetan guztiok euskaraz gustura eta lasai arituz, euskaldunon ‘familia’ indartzen eta zabaltzen dugu”. Ideia horixe islatu nahi izan dute, hain zuzen ere, ondorengo bideoan.
Hala, udako taldeetako kideek elkar agurtu, eta datozen egunotan hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak euskararen herrialde luze eta zabaleko 104 herritan. Aurten, egitasmo berriak ere abiatuko dira: Mintzalagun Oiartzunen eta, Iparraldean, mintzalagun-taldeak herri gehiagotan sortzeko lanean jarraituko du AEKk.
Baina, taldeak ez ezik, ekintzak ere antolatzen dituzte egitasmoetako dinamizatzaileek euskarazko aisialdia sustatzeko, hala nola Lautadako Solasaldi musikatuak, udazkeneko asteburu-pasak familian Tertangan (Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik) eta Hika-topaketak Markina-Xemeinen (ZirHika elkartearekin elkarlanean).
Eskaintza zabala
Agirregomezkortaren esanetan, “erraz-erraza da, gainera, aukerak gero eta ugariagoak baitira: ikasturteko mintza-taldeak, xede-taldeak, online taldeak, udakoak…”. Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontuak zein sariak eskura ditzakete. Horrez gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko dik/din, partaideek hika hitz egiteko talde berriak osatuta. Familiek Gurasolaguneko taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Mendilagunek ere ibilbideak egingo dituzte euskaraz egiten duten bitartean. Antzera ariko dira kakorratz-taldekoak, Irakurzale klubekoak, eskaladakoak, dantza errazen taldekoak… Eta azkenik, azaroan, online taldeak ere abiatuko dira”.
Izena eman nahi duenak emanizena.praktikatu.eus webgunean du aukera.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian