Lehen edizioa irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Tabakaleran.
Musika Bulegoak musika sektoreko eragileak bilduko dituen topaketa profesional berria aurkeztu du Donostian. Must+Pro du izena egitasmoak eta lehen edizioa irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Tabakaleran.
Egitasmoak Euskal Herriko eta nazioarteko ekosistema musikalaren profesionalizazioa, baterako hausnarketa eta lankidetza-aukerak bultzatzea du helburu. Iker Durana Musika Bulegoko zuzendari kudeatzailearen esanetan, “beste urrats bat emateko unea zela ulertzen genuen: foro bat eskaintzea ezagutzak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta gure proiektuei ikusgarritasuna emateko, tokiko zein nazioarteko esparru batean”.
Egitarauari dagokionez, bi egunetan zehar mahai-inguruak, hitzaldiak, zuzeneko podcastak eta showcase-ak izango dira, besteak beste, adimen artifizialak sorkuntzan, hedapenean eta audientzietan duen eragina, musika-proiektuak nazioartekotzeko estrategiak, musika garaikiderako publiko eta espazio berriak, managerrak ingurune digital eta global batean duen rola, pizgarri fiskalak eta musikaren banaketa digitala izango dute hizpide.
Jarduera batzuk Musika Bulegoa sortu zuten elkarteekin batera antolatu dira: Kultura Live, MIE (Musika Industriaren Elkartea), Musikagileak eta Musikari. Programaren barruan, Aitzol Astigarraga, Olatz Salvador, Mireia Madroñero, Imanol Otaegi, Julen Martin, Jordi Pons, Fermin Lorente, Alberto Muerza, Ines Osinaga, Julen Martin, Sara Zozaya eta beste hainbat profesionalek hartuko dute parte.
Eztabaida eta formakuntza saioez gain, egitasmoak Must+Pro Live zikloa izango du, bi kontzertu gau izango dira Kutxa Fundazioaren Klubean. Lehenengo egunean, irailak 30, Korrontzi, Femmm Vocal Jazz, Habia, Arima Soul eta Sara Azurza igoko dira oholtzara. Bigarren egunean, berriz, Xiberoots, Andrea Santiago, Jum! eta Alatz, Heitxi eta Mugan.
Topaguneak Gaztea irratiko podcasten bi edizio berezi ere hartuko ditu, horietako bat Yoko Ona, musika sektoreko gonbidatuekin. Bi jarduera horiek sarrera librekoak izango dira, edukiera bete arte.
Sarrerak eta akreditazioak
Profesionalentzako sarrerak eta akreditazioak eskuragarri daude musikabulegoa.eus webgunean. Duranak gaineratu duenez, “”Must+Prok topagune egonkorra izan nahi du Euskal Herriko musikaren sektorearentzat, etorkizuna kolektiboki pentsatzeko eta egungo erronkei aurre egiteko erreferentziazko gunea”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian