Tere Irastortza idazleak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketa da Glosak·Glossar el Món liburua.
Valentziako Ediciones Contrabando zigiluak eman zuen argitara iaz, katalana-euskara edizio elebidunean, Manel Rodriguez-Castelloren itzulpenarekin. Eta liburuki horrengatik jaso dute, hain zuzen, itzultzaileak eta argitaletxeak aurtengo Etxepare Itzulpen Saria.
Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du. Bere lehen poesia-liburua, Gabeziak, 1980an argitaratu zen, eta ordutik hamar titulu gehiago plazaratu ditu. Glosak·Glossar el món bilduman, irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketa zabala aurkituko du, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak ere.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, “itzulpena bikaina da, “hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala”. Horrekin batera, “idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatzen” dituela gaineratu du, eta “euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina” azpimarratu. Halaber, aintzat hartu du, besteak beste, “edizio zaindua eta elebiduna” izatea.
Manel Rodriguez-Castello (Alkoi, 1958) Filologia Hispanikoan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitatean, eta katalan irakasle aritu zen bigarren hezkuntzan 1983tik 2018ra, urte horretan erretiroa hartu zuen arte. Hainbat poema-liburu idatzi ditu, baita iritzi-artikuluak, kritika eta saiakera ere. Itzultzaile gisa, Norman McCaig (Edinburgh, 1910-1996) poeta eskoziarraren poemak ingelesetik katalanera itzultzeaz arduratu zen, Valentziako L’Aiguadolç aldizkarian (51. zkia, 2022ko udazkena) argitaratu zirenak. Allan Riach (Lanarkshire, 1957) eskoziarraren poemak ere itzuli zituen ingelesetik, eta La poesia escocesa moderna/Modern Scottish Poetry liburua koordinatu zuen 2022an.
Frantsesetik, 80ko hamarkadan, besteak beste, L ‘assassí de papà, Un amor màgic edo Carles és un brut mentider itzuli zituen, guztiak Tàndem argitaletxearentzat. Euskaratik egin zuen lehen itzulpena Muga liburukia izan zen (Pruna-Edicions del Buc argitaletxea, 2021), lau euskal poetaren poemak biltzen zituena: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi.
Ediciones Contrabando
Ediciones Contrabando 2013aren hasieran sortu zen Valentzian, batez ere narratiban, saiakeran eta poesian ahots berezi eta kalitatezkoei bide emateko. Ohikotik kanpo kokatzen diren lanak dituzten, eta arriskuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten Iberiar penintsulako zein Hego Amerikako egileak biltzen ditu argitaletxeak. Marte bilduma berriz 2015ean sortu zen Contrabando argitaletxearen baitan, penintsulako hizkuntzen ahots anitzen arteko loturak estutzeko senarekin. Ordutik, kalitatezko funtsa eraikitzen joan da, penintsulako hizkuntzetan idatzitako lanen edizio elebidunen aldeko apustua eginaz. Horren adibide da Tere Irastortzaren lana.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian